EUSKADI.-Bilbao Kirolak erakundeak bere eskaintza handitu du Errekaldeko kiroldegian Pilates ikastaroa eskainiz

Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 29 enero 2008 14:47

BILBO 29 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Errekalde auzoko kiroldegiak bere eskaintza handitu du hilabete honetan Pilates ikastaro batekin. Joan den urtarrilaren 14tik, Errekaldeko kiroldegia da jarduera hau eskaintzen duen eta Bilbao Kirolak erakundeak kudeatzen duen hirugarren zentroa, lehenago Artxanda eta Atxuriko kiroldegietan eskaintzen baitzen. Errekaldeko kiroldegian ematen den Pilates ikastaro berri honek egunean ordubeteko iraupena dauka, eta astelehen eta asteazkenetan ematen da, 20,00etatik 21,00etara.

Errekaldeko kiroldegiko Pilates ikastaroak 16 plaza eskaintzen ditu, eta horiei, Atxuri eta Artxandako zentroetan eskaintzen diren 48 plazak gehitu behar zaizkie. Aurreikuspenen arabera, azken kiroldegi horretan beste ikastaro bat ere eskainiko da, 12 plazakoa, otsailetik aurrera.

"Bilbao Kirolak erakundearen helburuetako bat da Kirola-Osasuna deritzonarekin erlazioa duten jarduera fisiko guztiak sustatzea, herritarren osasuna hobetzen lagunduko duen kirolarekin. Horregatik uste dugu Pilates ikastaroak ezin hobeto sartzen direla udal kiroldegietan bultzatu nahi ditugun eskaintza berrien katalogoan", azaldu du Bilbao Kirolak erakundeko presidente eta Bilboko Udaleko Enplegu, Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzi ordezkari Jon Sustatxak.

Sustatxak gogorarazi du Pilates programazioak udal kiroldegietan daukan zailtasunetako bat dela begirale espezializatuak izan behar direla, prestakuntza zehatz bat dutenak, egin beharreko mugimenduak behar bezala adieraziko dutenak. "Izan ere, gimnasia mota honetan oinarrizkoa da barruko muskuluak lantzea", gaineratu du.

Pilates metodoa oso ezaguna egin den jarduera da, dantzako profesionalek, atletek eta ospetsuek hedatu dutelako. Buruaren ariketa eta gorputzaren kontrola uztartzen dituen jarduera da, eta helburua horien bien arteko oreka lortzea da. Oinarrian, Pilates metodoaren helburua da espiritua eta egoera fisikoa suspertzea, gimnasia mota honek berezkoak dituen kontzentrazioaren eta mugimendu zehatzen bitartez. Metodo honek badauka beste abantaila bat ere, behin mugimenduak behar bezala ikasita, edonon egin daitekeela, alegia.

Pilates metodoa edozein adinetako pertsonentzat da egokia. Dituen onuren artean, artikulazioen malgutasuna handitzea eta muskuluen sendotasuna lortzea nabarmentzen dira, bereziki abdomeneko eta bizkarreko muskuluena, eta horrek arintasun, sendotasun eta mugikortasun handiagoa ahalbidetzen du eguneroko jardunean.

Bilbao Kirolak erakundea Pilates ikastaroak beste kiroldegi batzuetan eskaintzea ari da aztertzen, beti ere, eskaerak gora egiten badu.

Contenido patrocinado