BILBO 27 Oct. (EUROPA PRESS) -
Bilboko Juan Mateo Zabala euskaltegiak 25 urte beteko ditu aurten eta urteurren hori ospatzeko ekintza batzuk egingo ditu gaurtik ostegunera arte, Bilboko Udaleko Euskara atalaren eta Ipar Kutxaren laguntzaz. Ekitaldiak Bilboko La Casilla plazan jarriko den karpa batean izango dira.
Euskaltegi bilbotarreko arduradunek jakinarazi dutenez, jardunaldi hauen helburu nagusia Bilboko ikasleek eta, bereziki, Juan Mateo Zabala euskaltegiaren ikasleek euskara ikasten eta euskara zabaltzen eta erabiltzen egin duten eta egiten duten ahalegina aitortzea da.
Horretarako, J.M. Zabala euskaltegiak bere lagunak, ikasle eta irakasleak, instituzioak eta, oro har, euskararen alorreko kideak eta lagunak elkartu nahi ditu ospakizun hauetan.
Ospakizunak hiru egunetan izango dira eta egun horietan umeentzako, gazteentzako zein helduentzako ikuskizunak eta jarduerak izango dira. Horiekin batera, erakusketa txiki bat ere izango da, Juan Mateo Zabala euskaltegiaren 25 urte hauetako mugarri eta erreferentzia batzuk jasoko dituena.
Horrela, gaur arratsaldeko 19:00etan helduentzako antzezlan bat izango da, "Larru haizetara" obra interpretatuko baitu Mikel Martinezek eta Patxo Telleriak osatzen duten Ez dok hiru Bikoteatroa taldeak.
Bihar, euskaltegiko ikasleek hartuko dute karpa eskola-ekintzak bertan burutzeko. Arratsaldeko 18:00etan umeen txanda izango da eta "Atxikistan" obra eskainiko du Eidabe taldeak. Saio hau, aurrekoa bezala, etorri nahi duten guztientzat zabalik izango da.
Azkenik, ostegunean, 19:30etatik aurrera, eta ospakizunak burutzeko, urteurrenaren jaia egingo da. Jaira gaurko zein aspaldiko ikasle eta irakasleak eta inguruko lagunak daude gonbidatuta, instituzioetako ordezkariekin eta sektoreko lagunekin batera. Eidabe taldea arduratuko da gonbidatuen harreraz eta jaian Bull DJak musika jarriko du.