BILBO 30 Oct. (EUROPA PRESS) -
Bilboko Udalak Estatu mailan aitzindaria den proiektu bat jarriko du abian datorren astelehenean, TAO ordaintzeko modu "modernoago, hurbilago eta dinamikoagoa" eskaintzeko, teknologia berrietan oinarritua. Proiektuak, TAO ordainketako bitartekoen esparrua zabaltzeaz gain, administrazioaren eta herritarren arteko harremana erraztuko du edozein ordutan eta hiriko edozein tokitan. Kudeaketa eta ordainketa-zerbitzu berri batean oinarritzen da: internet bidezko nabigazioa.
Zerbitzu berri horren bitartez, hirian zehar barreiatuta dauden TAOko 11 guneen erabiltzaileek sistema horrekin elkarreragin ahal izango dute edozein tokitik aparkaldiaren iraupena luzatuz bertara hurbildu beharrik gabe. Internetera sarrera duen edozein euskarri informatikorekin (sakeleko telefonoa, ordenagailu eramangarria, PCa eta abar) erabiltzaileek, gainera, TAO zerbitzuko langileek jar diezazkieketen isunak ordaintzeko aukera ere edukiko dute.
Urruneko zerbitzu horrek eskaintzen duen beste abantailetako bat da kontsumitu gabe geratu den denbora itzultzen duela, edota aparkaldia dela-eta gauzatutako eragiketen laburpena sakeleko telefonoan -web bidez edo e mailez- jasotzeko aukera.
TAO guneko erabiltzaileek zerbitzu hori edozein ordutan eta edozein tokitatik jaso dezaten, zenbait datu ezagutu behar dituzte. Horrela, urruneko ordainketa-sistema horretaz baliatuz aparkaldia ordaintzeko erabiltzaileek erabiltzen dituzten euskarri informatikoek -sakeleko telefonoa, eramangarria edo PCa- web nabigatzaile batez hornituta egon beharko dute.
Halaber, aparkaldia ordaintzeko urruneko ordainketa-zerbitzuaren sistema berrira atzipena www.teletao.mobi/teletaoweb web-orriaren edo Bilboko Udaleko www.bilbao.net webgunek "urruneko ordainketa" atalean eskaintzen duen atzipen zuzenaren bitartez egin beharko da.
Gainera, sistema berria arautzen duen ordenantzak TAO gunean aparkatzeagatik hartutako lehenengo txartela ikusgai egotera behartzen du, hau da, erabiltzaileak parkimetroak emandako frogagiria ibilgailuaren alde batean ikusteko moduan jarri behar duela.
Horrela, urruneko ordainketaren zerbitzu berrian web bitartez alta emandako TAO guneen erabiltzaileek hiru zerbitzu edukiko dituzte euskarri bakar batean kontzentratuta: parkimetroa, atxikitako bankuko txartela eta eragiketak erregistratuko dituen tresna bat. Hori guztia, internet bidezko kudeaketari esker.
SISTEMAREN PROZEDURA
TAO guneetako aparkaldiaren urruneko ordainketa zerbitzura atzipenak eta horren erabilerak prozedura soil bati jarraitzen diote.
Ibilgailua edozein TAO gunetan aparkatzen duenak, hasteko, lehenengo txartela hurbilen duen takimetrotik atera beharko du autoaren matrikula eta aparkaldiaren amaiera adieraziz.
Behin txartela autoaren alde batean ikusteko moduan jarri ondoren, web bidezko ordainketa eskaintzen duen sisteman erregistratu beharko du erabiltzailearen izena, pasahitza eta prozesuan zehar erabiltzen jarraitu nahi den hizkuntza adieraziz.
Hurrengo urratsak erabiltzaileari hautatzeko hainbat aukera eskainiko dizkio, alegia, aparkatu, desaparkatu, isuna ordaindu, pasahitza aldatu edo aplikaziotik irten.
Aparkatzeari dagokionez, sistemak jarraian adieraziko den moduan jokatzen du: matrikula erabili behar den euskarriaren pantailan aurregrabatuta azalduko da, hau da, sistemak matrikula, gune eta sektore bat proposatzen ditu eta erabiltzaileak zehazten diren datuak egiaztatu baino ez du egin behar.
Ordoren, aparkaldia zenbat minutuz luzatu nahi den adierazi behar da. Behin izapidea amaitutakoan, aplikazioak berak emandako informazioaren laburpen bat egingo du eta erabiltzaileak prozesua amaitutzat eman ahal izango du edota, akatsen bat egonez gero, oker datuak zuzendu ahal izango ditu.
Ordainketa-zerbitzu berri hau lehendik dauden beste hiruri gehitzen zaie, hau da, txanponak, aurre-ordainketarako txartelak (Chip-card) eta bankuko ordain edo kreditu-txartelak. Ordainbide berriak, ordea, prozesuaren modernizazioaz gain, erabilera-aukera handiagoak eskaintzen dituen irudi berritzaileagoa ematen du.