EUSKADI.-Elhuyar Fundazioak "Armix Ilargian Galduta" plataformako bideo-joko didaktikoa argitaratu du

Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 19 noviembre 2008 14:56

BILBO 19 Nov. (EUROPA PRESS) -

Elhuyar Fundazioak "Armix Ilargian Galduta" izeneko bideo-jokoa argitaratu berri du, 7-10 urteko gaztetxoentzat. Bideo-joko hau Armix pertsonaia protagonistatzat duen serie bateko bigarren CD-ROMa da, eta jolasen bidez, jokalariak matematikako, inguruaren ezaguerako eta hizkuntzako gaiak landuko ditu. Teknologiari dagokionez, hiru dimentsioko irudiez gain, jolasteko ere 3D-ko ingurunea izango du jokalariak.

Armix Ilargira iritsi da, baina iritsi bezain laster bere kohetea lapurtu diote. Jokoan zehar, Armixi bere kohetea bilatzen lagundu beharko dio jokalariak, Lurrera bueltatu ahal izateko, eta abentura horretan hamaika munstrori egin beharko die aurre. Horretaz gain, hainbat galderari ongi erantzun beharko die, jokoan aurrera egin ahal izateko.

Elhuyar Fundaziotik adierazi dutenez, joko berriaren demoa www.elhuyar.org/armix2 webgunean dago. Horrez gain, webgune horretan, jokoari buruzko irudiak eta bideo bat ere badaude.

Elhuyar Fundazioak duela bi urte ekin zion euskarazko bideo-jokoen ekoizpenari. Lehenengo bideo-jokoa lokalizazio bat izan zen, aisialdira zuzendua: "Hiru Mosketariak". 2007an, Elhuyarrek beste lokalizazio bat eta sorkuntzako bi bideo-joko kaleratu zituen, "Kao: Sumendiko Sekretua" eta "Armix Baso Magikoan", hain zuzen.

Contenido patrocinado