EUSKADI.-Elhuyar Fundazioak "Geografian aditu/aritu" izeneko 'brain training' motako bideo-joko berria argitaratu du

Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 27 noviembre 2008 18:47

DONOSTIA 27 Nov. (EUROPA PRESS) -

Elhuyar Fundazioak "Geografian aditu/aritu" bideo-jokoa argitaratu berri du. 'Brain training' motako bideo-jokoa da, eta adin guztietako jokalarientzat pentsatuta dago. Helburua da jolasen bitartez munduko mapa politikoak eta fisikoak menderatzea eta euskarazko toponimoak zuzen idaztea, Elhuyarreko arduradunek adierazi dutenez.

Bideo-joko honek lau atal eskaintzen ditu: "Non dago?", "Izena ipini", "Puzzlea" eta "Eskalak" izenekoak. "Non dago?" jokoan, toponimoak mapan kokatzea da helburua; "Izena ipini" izenekoan, mapan agertzen den toponimoa euskaraz zuzen idatzi beharko du jokalariak. "Puzzlea" jokoan, mapekin puzzleak osatu beharko dira; eta "Eskalak" jokoan, munduko maparen gainean beste eskala batean dagoen mapa bat kokatzea izango da helburua.

Jokoetan, mapa fisiko eta politikoek hartzen dute protagonismoa: munduko mapak, bost kontinenteetako mapak (Afrika, Asia, Amerika, Europa eta Ozeania), Espainiako mapak, Frantziako mapak eta Euskal Herriko mapak. Horietako bakoitzarekin, zailtasun-maila aukeratu eta gero, lau jokoetan jolastu daiteke, toponimia lantzen, puzzleak osatzen edota leku-izenak euskaraz idazten, Euskaltzaindiaren aholkuei jarraituta. Lortutako puntuazioa grafiken bitartez adierazten da, jokalariak bere bilakaera ikusteko aukera izan dezan.

Horretaz gain, beste baliabide batzuk ere eskaintzen ditu, adibidez, geografiari buruzko mapa mutuak deskargatzeko aukera. Beraz, geografiaren inguruko hainbat joko ludikoren eskaintza egiten du Elhuyar Fundazioak, geroz eta gehiago entzuten den edutainment motako softwarearen bidez.

Bideo-jokoaren demoa www.elhuyar.org/geografia webgunean dago. Gainera, webgune horretan, jokoari buruzko irudiak eta bideo bat ere badaude.

Elhuyar Fundazioak orain dela bi urte ekin zion bideo-jokogintzari. Geografiako honen aurretik argitaratu duen bideo-jokoa "Armix Ilargian galduta" izenekoa da, 7-10 urte bitarteko gaztetxoentzako bideo-joko didaktikoa.

Contenido patrocinado