BILBO 2 Jun. (EUROPA PRESS) -
Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) hamahirugarren kokatu zen 2007. urtean 27 herrialdeen Europar Batasuneko (27-EB) Berrikuntzaren Indizean, 0,37 puntu lortu ondoren, Eustaten datuen arabera. Lurraldeka, Arabak izan zuen puntuaziorik onena (0,42), eta ondoren Gipuzkoak (0,38) eta Bizkaiak 0,33.
Azken bi urteetako bilakaerari erreparatuz gero, 27en batez bestekoak lehengoan segitu zuen, 0,45ekin (gehienez 1 eduki daiteke), eta EAEk bi ehunenetan egin zuen aurrera (0,35etik 0,37ra). Gainera, lurralde bakoitza 27en batez bestekora hurbiltzen ari da: Arabak lau ehunen aurreratu du (0,38tik 0,42ra), Bizkaiak bi (0,31tik 0,33ra) eta Gipuzkoak bi (0,36tik 0,38ra).
Eustatek gaur jakinarazi duenez, indize honek berrikuntzako ekintzak garatzeko ekonomien gaitasuna neurtzen du eta bost dimentsiotan egituratzen da: hiruk berrikuntzari -input- bultza egiten dioten elementuak estimatzen dituzte eta bik emaitzak -output-.
Horrela, EAE europar batez bestekotik nabarmendu zen Berrikuntzako Bultzatzaileen taldeko zenbait adierazletan, esaterako 20-29 urte bitarteko zientzia eta ingenieritzen gazte graduatuak eta 25-64 bitarteko biztanleria goi mailako heziketa duena, dimentsio honetan 0,70 puntu lortu baitzuen, Europako batez bestekoa 0,47 den bitartean. Gainerako dimentsioetan EAEko puntuazioa Europakoaren azpitik kokatu zen.
Indizearen eskualde-dimentsioei erreparatuz gero ikusten da azpimarratzeko moduko aldeak egon zirela, Berrikuntzako Bultzatzaileen input adierazlean izan ezik, zeinaren balioa (0,70 inguru) antzekoa izan baitzen.
Ezagutzaren Sorreraren adierazleetan Bizkaia nabarmendu zen I+Gko gastu publikoan (BPGren gaineko %0,34) eta Gipuzkoa gastu pribatuan (BPGren gaineko %1,47). Enpresa Berrikuntzan Araba berritzeko elkarlanean aritzen diren ETE berritzaileetan nabarmen du zen (%9,8) eta enpresek berritzeko gastatuan (negozio bolumenaren %2,3).
Ondoko aplikazioetan nabarmendu ziren eskualdeak: Araba fakturazioaren gaineko berrikuntza-ehunekoan (merkaturako produktu berriko %2,1 eta %3,0 produktua enpresarako berria bai baina ez merkaturako); Bizkaia goi mailako teknologiako zerbitzuetan okupatuetan (enpleguaren %3,9); eta Gipuzkoa goi mailako teknologiako produktuen esportazioan (esportazio guztien %6,0).
Europako Berrikuntza Indizeak (European Innovation Scoreboard) Europako Batasuneko 27 herrialdeetako datuekin eta Islandia, Norvegia eta Suitzakoekin kalkulatzen da. Helburua da EBko 27ak eta beste hamar (Suitza, Norvegia, Japonia, AEB, Kanada eta abar) sailkatzea, beren ekonomiek berrikuntzako jarduerak zenbateraino garatzen dituzten ikusiz. Indizeak 25 adierazle erabiltzen ditu, lurralde guztietan urte berbererako hartuak.