EUSKADI.-Euskaltelen "marea laranja"-ko kamisetekin bildutako dirua GKE bati edo ongintzako erakunde bati emango zaio

Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 24 junio 2009 16:16

BILBO 24 Jun. (EUROPA PRESS) -

Euskaltelek hitzordua du aurten ere Frantziako Tourrarekin eta euskal zaleen "marea laranja" delakorekin, eta kamiseta berria aurkeztu du gaur. Aurten, gainera, ekimenak "ukitu solidarioa" izango du, kamiseta erreserbatzeko bidalitako sms mezuekin bildutako dirua GKE bati edo ongintzako erakunde bati emango baitzaio.

Aurreko urteetan bezala, 2009ko elastikoa ere Kukuxumusuk diseinatu du, eta "keinu positiboa eta optimista egiten du, egoera ekonomiko zaila dagoen uneotarako aproposa". Aharia da berriro protagonista, "euskal kirolariek nahiz zaleek urtero-urtero erakusten duten indarraren, gogoaren, irmotasunaren, kemenaren eta naturarekin duten harremanaren ikur da, haiek ere taldearen espirituarekiko leialtasunari eta konpromisoari eusten diotelako".

Urtero bezala, Euskaltel Euskadi taldea ofizialki Tourrera joan aurretik, kamiseta Euskaltelen egoitzan aurkeztu dute hainbat kirolarik; bai Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindulariek, bai beste alor batzuetakoek. Horrela, han izan dira txirrindulari taldeko Igor Anton eta Mikel Astarloza, Miguel Madariaga manager nagusia eta Igor Gonzalez de Galdeano managerraren laguntzaile eta kirol-zuzendaria.

Horiez gain, aurkezpenera joan dira Unai Basurko, Julian Iantzi telebistako aurkezlea, Gotzon Mantuliz "El conquistador del fin del mundo" lehiaketaren azken irabazlea eta emakumeen Athletic taldeko bi jokalari, Iraia Iturregi (kapitaina) eta Irune Murua. Imanol Agirre, Pablo Berasaluze, Iñigo Leiza, Ibai Zabala eta Oier Zearra pilotariak ere bertan izan dira. Surfaren arloko ordezkari, Txaber Trojaola eta Leticia eta Loiola Canales ahizpak izan dira, eta Idoia Merodio aktoreak ere parte hartu du.

Horiekin guztiekin izan da Nerea Lupardo Euskalteleko Harreman Instituzionalen zuzendaria, eta aurten udako kamisetak hartu duen kutsu solidarioa nabarmendu du. "Marea solidarioa" aipatu du Nerea Lupardok, aurten, kamisetak eskuratzeko bidaltzen diren sms mezuekin lortutako dirua GKE batentzat edo behar gehiena dutenei laguntzeko lan egiten duen erakunde edo elkarte batentzat izango baita.

Elkartea erabiltzaileek hautatuko dute, Euskaltelen webgunean botoa emanda (www.euskaltel.com). Kanpaina osoan webgunean egongo den zerrenda egiteko, Euskalteleko langileek parte hartzen duten GKEak hartu dira kontuan. Hala, Euskalteleko langileak ekimenean buru-belarri sartu dira, eta gizarte osoari eman diote laguntzeko aukera.

60 DENDATA

Kamiseten banaketa zaleei hurbiltzeko, aurreko urteko harrena ona dela eta, Euskaltelen 60 dendatan banatuko da aurten, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan.

Kamisetak lortzeko, aurreko urteetan bezala, sms bat bidali behar da EUSKALTEL hitza, hutsune bat, eta kamiseta jaso nahi den lurralde historikoa idatzita 7505 zenbakira, ekainaren 24tik uztailaren 2ra bitartean (11:00ak baino lehen). Bidali ondoren, bezeroak baieztapen-mezu bat jasoko du.

Jasotzeko baldintzei buruzko informazioa eskura daiteke Euskaltelen webgunean (www. euskaltel.com) eta Euskaltelen doako arreta-telefonoan, 1717an. Gehienez hiru sms bidal daitezke, eta kamiseta bana emango da jasotako mezu bakoitzeko.

Horrez gain, Euskaltelek kamisetak banatuko dizkie Pirinioetara joandako zaleei, bederatzigarren etapan, uztailaren 12koan (Saint-Gaudens-Tarbes). Euskaltel-Euskadi taldeak bederatzigarren aldia du aurtengoa Frantziako itzulian parte hartzen duena.

Contenido patrocinado