EUSKADI.-Gizon bat atxilotu dute Bilbon beste bati aizto handi bat sartzen saiatzeagatik

Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 7 abril 2008 15:18

BILBO 7 Abr. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzako agenteek JS.M.A. 42 urteko gizonezkoa atxilotu zuten atzo arratsaldean Bilbon, arma zuri batez mehatxu delitu bat egin izana egotzita. Pertsona hori gizonezko bati aizto handi bat sartzen saiatu zen, baina lekuko batek saihestu zuen erasoa, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Atzo arratsaldean, 15:45an, Ertzaintzak deia jaso zuen Bilboko Plaza Barrira patruila bat bidaltzeko eskatuz. Izan ere, berriemailearen arabera, gizonezko bat beste bati sukaldeko aizto batez eraso egiten saiatu zen.

Bertara iritsitakoan, agenteak deia egin zuen pertsonarekin harremanetan jarri ziren, gertakarien lekuko izan baitzen. Horrek gertatutakoaren berri eman zien agenteei, eta erasotzaileari kendu ahal izan zion aizto handi bat eman zien. Haren esanetan, gainera, erasoa egiten saiatu ostean, erasotzaileak ihes egin zuen.

Jarraian, ertzainek erasoen biktima identifikatzen ari ziren bitartean, gizonezko bat hurbildu zitzaien eta, bizikleten gurpilak puzteko erabili ohi diren moduko puzgailu metaliko bat eskuan zuela, biktimari berriro eraso egiten saiatu zen, nahiz eta agenteak aurrean zeuden.

Ertzainek erasotzailea mendean hartzea eta puzgailua kentzea lortu zuten eta, ondoren, atxilotu egin zuten, mehatxu delitu bat egin izana egotzita. Atxilotua, JS.M.A. -beste behin atxilotu dute, bere polizi historialaren arabera-, epailearen aurrera eraman zuten, beharrezko eginbideak bete bezain laster.

Contenido patrocinado