BILBO 13 Oct. (EUROPA PRESS) -
Innobasquek eta Mondragon Unibertsitateak PMP ziurtagiria eskuratzeko programa bat jarri dute martxan. Project Management Institute-k ematen duen PMP proiektu-zuzendaritzarako nazioartean dagoen ziurtagiririk ospetsuena da, eta azarotik aurrera abiatuko da Euskadin ziurtagiri hori lortzeko lehen programa, Mondragon Unibertsitatearen eta Innobasqueren bitartez.
Bi erakundeen artean izenpetutako itun estrategikoak Europan erreferente bihurtuko du Euskadi proiektu-zuzendaritzako prestakuntzan, arlo honek gero eta garrantzi handiagoa duelarik enpresetan eta erakundeetan. Hain zuzen ere, joan zen maiatzean izenpeturiko hitzarmenaren ondorioz, bi erakundeok beste urrats
bat egin dute Project Management Institutek (PMI) ematen duen ziurtapenaren programa hau eskaintzeko, bera izanik munduan erakunde erreferentea, proiektuak kudeatzeko nazioartean arauak ezartzen dituena.
Innobasque eta Mondragon Unibertsitatea elkarlanean ari dira
proiektu-zuzendaritzako prestakuntza-programa honen antolaketan;
proiektu-kudeaketan esperientzia eta goi edo erdi-mailako
unibertsitate-titulua duten profesionalentzat da. Programa honek PMP
ziurtagirirako azterketa gainditzeko behar den prestakuntza ematen du, eta akreditazio hori munduko erakundeek beraientzat egiten diren proiektuen zuzendariei eskatzen diete.
Programa honekin, gaur egun Euskadik daukan proiektu-kudeatzaileen defizita murriztu nahi dute Innobasquek eta Mondragon Unibertsitateak, zirkunstantzia hau hasia baita "oztopo larria" izaten euskal enpresentzat, mugatuta ikusten baitute beren parte-hartzea nazioarteko proiektuetan eta lider diren erakunde eta enpresentzako proiektuetan.
PMP ziurtagiria (Certified Project Management Professional)
proiektu-zuzendaritzarako munduan onarpen handiena duen gaitasun
profesionaleko akreditazioa da. Azken urteotan oinarrizko baldintza bihurtu da mundu osoko erakunde eta enpresek beren proiektu-arduradunei eta beraientzat proiektuak egiten dituzten enpresetako arduradunei eskatzen dietena.
Programa honen lehenengo edizioko prestakuntza-saioak datorren azaroan hasiko dira eta 2009ko martxo arte luzatuko dira; Innobasqueren instalazioetan izango dira, Zamudioko Teknologia Parkean, astero, ostiraletan, goizez, parte-hartzaileen lanarekin bateragarri izan dadin.