Euskadi Lagunkoia Berriaren X. Jardunaldia egin da Bilbon 'Batzen duten lekuak' lelopean

Euskadi Lagunkoia Berriaren X. Jardunaldia egin da Bilbon 'Batzen duten lekuak' lelopean
IREKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 18 noviembre 2026 14:22

BILBO 18 (EUROPA PRESS)

Euskadi Lagunkoia Berriaren X. Jardunaldia egin da asteazken honetan Euskalduna Bilbao jauregian, eta, 'Batzen duten lekuak' lelopean, instituzio, udal, gizarte erakunde eta adineko pertsonen ordezkariak bildu ditu, esperientziak partekatzeko, praktika onak aitortzeko eta hamar urteko ibilbidea betetzen duen sarearen etorkizuneko erronkei buruz hausnartzeko.

Euskadi Lagunkoia Berria Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ekimena da, adinekoekin lagunkoiagoak diren udalerriak sustatzeko eta adinekoek komunitate bizitzan modu aktiboan parte har dezaten bultzatzeko.

Nerea Melgosa Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak jardunaldian nabarmendu duenez, "udalerri lagunkoiagoak eraikitzea bizitza osoan hobeto bizi ahal izango garen Euskadi bat eraikitzea da".

Melgosak azpimarratu du lagunkoitasuna eguneroko bizitzako xehetasun txikietatik eraikitzen dela: kale irisgarriak, atseden hartzeko guneak, informazio ulergarria eta komunitatean parte hartzeko aukerak. ILdo horretan, gogorarazi duenez, "adineko pertsonen bizitza hobetzen duenak herritar guztiei ere mesede egiten die".

Euskadi Lagunkoia Berria administrazio publikoen, adinekoen, gizarte erakundeen eta eragile komunitarioen arteko lankidetza sare gisa finkatu da azken hamarkadan. Gainera, jardunaldian zehar, sailburuak iragarri du Bizkaiko Gorliz eta Urduliz sartuko direla dagoeneko ehun bat herritara hurbiltzen ari den sarean.

"Lekeitiotik hasi eta Amurrioraino, Zumarraga, Barakaldo, Orio edo Kanpezutik igaroz, parte hartu duten udalerriek beren errealitatera egokitutako ekimenak bultzatu dituzte, bai hiri inguruetan, bai landa eremuetan", adierazi du.

Melgosak ibilbide hori balioan jarri du, eta Euskadi Lagunkoia Berria Estatuko erreferente bihurtu dela nabarmendu, posible egiten lagundu duten pertsona guztien konpromisoa eskertuz.

Jardunaldiko mezu nagusietako bat izan da adineko pertsonak beren udalerrien eraikuntzan eragile aktibo gisa aitortzeko beharra. "Adinekoak ez zarete soilik programaren hartzaileak: protagonistak zarete", adierazi du Melgosak, eta erabakietan eragiteko eta eguneroko inguruneak hobetzen laguntzeko benetako parte hartzea defendatu du.

Halaber, harreman komunitarioak eta belaunaldien arteko loturak indartzearen garrantzia azpimarratu du, komunitate lagunkoia ez baita soilik azpiegitura eta zerbitzuekin eraikitzen, baizik eta baita harremanen, topaguneen eta esperientziak partekatzeko aukeren bidez ere.

XUXURLAK

Komunitate inklusiboagoak eraikitzen laguntzen duten jardunbide egokiak ere nabarmendu dituzte topaketan, besteak beste, Xuxurlak ekimena, Gasteizen LGTBIQA+ adineko pertsonei zuzendua.

Proiektuak elkartzeko eta parte hartzeko gune seguruak sustatzen ditu, nahi ez den bakardadea prebenitzen laguntzen du eta laguntza sareak sortzen laguntzen du. Aldizkako topaketen bidez, konfiantzazko ingurune bat eskaintzen du esperientziak partekatzeko, memoriak berreskuratzeko eta harreman pertsonalak indartzeko.

Xuxurlak lagunkoitasuna ulertzeko modu bat da, adinekoen aniztasuna eta duintasunez, autonomiaz eta erabateko parte hartze sozialaz zahartzea bermatzearen garrantzia aitortzen duena.

Azkenik, udalerri eta erakundeen arteko esperientzia trukea indartzeko ere balio izan du jardunaldiak, Euskadi Lagunkoia Berriaren balio nagusietako bat baita.

Contador

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado