EUSKADI.-Oka ibaiaren ezkerraldean 300 arbola landatuz ospatuko dute Gernika-Lumon (Bizkaia) Zuhaitz Eguna

Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 5 marzo 2009 17:28

BILBO 5 Mar. (EUROPA PRESS) -

Datozen bi asteetan 300 zuhaitz landatuko dira Oka ibaiaren ezkerraldean Gernika-Lumoko (Bizkaia) Zuhaitz Egunaren hirugarren edizioan. Egitasmoak, zuhaitzen landaketaren bitartez, naturaren eta ingurumenarekiko errespetuaren garrantziaz ohartaraztea du helburu nagusi, udal gernikarretik azaldu dutenez.

Horrela, herriko lau hezkuntza zentroetako (San Fidel eta Seber Altube ikastolak, Gernikako Institutua eta Mertzede ikastetxeak) ikasleek parte hartuko dute ekimenean, Oka ibaiaren ezkerraldeko 11.500 metro karratuko hedadura duen gunea berreskuratzeko asmoz. Izan ere, azken bi urteetan 4.400 metro karratu bertoko arbola aleekin berreskuratu dira -haltz eta lizarrekin-, baina urte honetan 3.500 metroko lurzoruan egingo dute egitasmoa, 200 haltz eta 100 lizar landatuz.

Egitasmoan parte hartuko duten lehenengo ikasleak San Fidel ikastolakoak izango dira, astelehenean, 9:30etan. Ostegunean berriz, 9:00etatik aurrera, Gernikako institutukoen txanda izango da. Martxoaren 16an Seber Altube ikastolako gazteek jarraituko dute ekimenarekin, eta azkenik, Mertzede ikastetxeak emango dio amaiera, nahiz eta oraindik ez duten zehaztu zein egun eta ordutan ekingo dioten.

Oka ibaiaren ingurunea berreskuratzea da Zuhaitz Egunaren helburuetako bat. Orain dela bi urte Udal Gobernutik sustatzen den egitasmoak, gainera, gaztetxoen artean ingurumenarekiko errespetua eta gai honen inguruko ezagutza areagotzea izango dira ere helburu.

Contenido patrocinado