BILBO 29 Abr. (EUROPA PRESS) -
Renfek Arco trena jarriko du abian maiatzaren 5ean, Irun, Donostia eta Bilbo A Coruñarekin lotzen dituen eguneko trenaren ordez, hau da, tren modernoagoa eta erosoagoa, "Done Jakue Bidea" izenekoa, ibilbide gehienak jakobear bidearekin bat egiteagatik, konpainiak gaur iragarri duenez.
Arco zerbitzu berria D.200 serieko kotxeekin egingo da, eta 252 serieko lokomotore elektrikoek bultzatuko dute; horiek orduko 200 kilometroko abiadura lor dezakete gehienez. Trenak 242 plaza ditu, eta horietatik 56 lehen mailakoak dira; gainerako 186ak, berriz, turista mailakoak. Renfek bere horretan utziko ditu turista mailakoentzat egun dauden prezioak eta "lehentasunezko" prezioak sartuko ditu mota horretan sortu berriak diren plazetan.
Tren berriak bidaiatzeko baldintza erosoagoak eskaintzen ditu; izan ere, bideo-zerbitzua, taberna-kafetegia, barrualde zainduagoa eta pertsona ezinduentzako plaza jarri baitira. Trenean audio-bideo zerbitzua sartu da, bidaia entretenituagoa izan dadin. Monitoreak sabaian ainguratuta jarri dira bidaiarien geletan, hobeto ikuste aldera. Megafonia informazio pertsonalizatua emateko erabil daiteke, eta Lehen Mailako Eremuan eta Taberna-Kafetegian bezeroek "Paisajes" aldizkaria doan jaso ahal izango dute.
Kafetegian ohiko produktuak ez ezik, plater konbinatu hotzak eta beroak ere eskainiko dira, eta Taberna-Kafetegian zein eserlekuan hartu ahal izango dira, azken horiek mahaitxo toleskorrak baitituzte.
Pertsona ezinduentzako plaza ere bada; plaza horretan, gurpil-aulki tolesgarria dago, baina, behar izanez gero, horren lekuan bezeroaren aulkia jar daiteke finkatzeko ainguraketarekin. Treneko aulkia erabili ahal izango da "ordezko aulki" gisa, hau da, behar duen pertsona treneko lekuetara eramateko (pertsona ezinduentzako komona, kafetegia eta abar).
Halaber, aipatu behar da kafetegia eta turista mailako aulkiak dituen kotxe mistoak mugitzeko arazoak dituzten pertsonentzat egokitutako komona duela; baita haur txikiak aldatzeko mahaia ere.
PUNTUALTASUNA KONPROMISO
"Done Jakue Bidea" tren berriak Distantzia Luzeko gainerako trenek duten puntualtasun-konpromisoa du, hau da, txartelak balio duen kopuruaren %50 itzuliko da trena 60 minutu baino gehiago atzeratu bada, eta txartelaren %100, 90 minutu baino gehiago atzeratuz gero.
Bestalde, Abiadura Handiko/Distantzia Luzeko gainerako zerbitzuek bezalaxe, egunero eta norabide bakoitzean, salmenta aurreratuko plazak eskaintzen ditu Lehen eta Turista mailan, "Estrella" eta "Web" tarifekin komertzializatutakoak, eta horiek %60ko eta %40ko deskontua dute, hurrenez hurren.
Tren honen ordutegia bere horretan mantenduko da momentuz, baina baliteke murrizketaren bat egitea datozen hilabeteetan, zerbitzuak doitzen direnean.