cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">
BILBO, 13 (EUROPA PRESS)
Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren bitartez, Madrilgo Fitur Turismoko Nazioarteko Azokan (Fitur) hartuko du parte aurten ere, gastronomia ardatz nagusi dela. Azoka urtarrilaren 18an hasiko da eta 22a arte egongo da irekita.
Aurreko edizioan bezala, "Euskadi, goza ezazu" markarekin joango da Jaurlaritza, gastronomian inspiratuta dagoen stand batekin. Erdiko plaza handi batek egingo die ongietorria bisitariei, eta bertan, bisitariek sustapen-eremuak ikusiko dituzte. Edizio honetan, eta berrikuntza gisa, produktuen arabera banatuta egongo dira eremu horiek, azpimarken arabera banatuta egon ordez.
Horrela, "Euskadi", "Euskadin Zehar", "Gastronomia eta Enoturismoa", "Hiri-ihesaldiak" eta "Natura Aktiboa" informazio-mahaiak izango dira ikusgai, Eusko Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutenez.
Euskadiko standak 1.035 metro karratuko azalera izango du eta kanpoaldetik estaltzen duen "azalean" gastronomia Euskadik eskaintzen dituen turismo-aukerekin lotzen da irudien bitartez. Barruan, informazio-mahai bakoitzean lurralde bakoitzeko argazki handi bat dago; informazio-mahai horietan bereziki Fiturrerako egindako liburuxkak emango dira.
Standaren erdian mahai bat jarri da, jateko jesartzera gonbidatzen duen mahaia, eta ipad-ak dira mahai horretako platerak, bisitariek elkarreragiteko, Euskadiko turismoko webguneetan eta batez ere www.euskaditurismo.net webgunean sartzeko aukera izan dezaten; hori guztia, Euskadin gozatzeko dauden esperientzien berri izan dezaten. Mahai horretan plater erraldoi bat dago, plateraren erdian pantaila bat, eta pantaila horretan Euskadiko turismo-esperientziei buruzko bideo berria proiektatzen da.
Beste atal batzuen artean, standean lanerako gune bat ere badago (hamar mahai) sektoreko enpresaburuentzat; gune hori asteburuan Gasteizi utziko zaio Green Capital 2012 sustatzeko jarduerak egiteko. Era berean, set bat jarriko da www.tveuskadi.net webgunearentzat, eta hor standean gertatzen dena emango da; horretaz gain, irrati-estudio bat ere jarriko da eta hortik hainbat programa emango dira.
GASTEIZ GREEN CAPITAL
Halaber, Gasteiz European Green Capital ekimenaren presentzia nabarmena izango da Fiturreko edizio honetan. Horretarako, "Green Capital 2012" pintxoa sortu da Gasteizko hiriburutza berdearen omenez, eta Euskadiko eta hiriburutzaren logoak dituen moketa berde batek egingo die ongietorria bisitariei eta Ifemako bi sarreretatik 9. pabiloiraino, hau da, Euskadiko standa dagoen pabiloiraino, eramango ditu bisitariak. Bestalde, Gasteizko Udalak asteburuan hainbat jarduera egingo ditu standean.
Fiturrera (turismo-sektorearen hitzordurik garrantzitsuena estatuan) bertaratzen diren bisitariek Euskadiko standera joaten badira jende guztiarentzat eskuragarria den eremu batekin egingo dute topo. Horretarako, zabalera bereziko ateak egin dira, informazio-mahaien altuera jaitsi da eta informazio-mahai nagusian begizta magnetiko bat jarri da entzuteko desgaitasuna duten pertsonentzat.
Halaber, Euskadi helmuga irisgarria dela dioten liburuxkak emango dira. Hori guztia beste aurrerapen bat gehiago da Eusko Jaurlaritzak irisgarritasunarekin hartu duen konpromisoaren barruan.
Eremu batean taberna-dastaleku bat dago eta, hor, zerbitzatuko diren pintxoen menu birtualaren erakustaldi bat egingo da. Asteburuan taberna gastronomia-tailer bihurtuko da, bakoitzak 22 pertsonentzako zortzi lizentzia izango ditu, eta bisitariek beren pintxoa egiteko eta dastatzeko aukera izango dute. Azkenik, irudi baten bitartez, Ordiziako azokaren 500. urteurrenari buruzko aipamen berezi bat egingo da.