BILBO, 14 (EUROPA PRESS)
Energiaren Euskal Erakundeak martxoaren 1etik aurrera egingo diren jarduketak onartuko ditu, atzeraeginezko izaeraz, auto erangikorretan eta alternatiboetan inbertitzeko laguntzak emateko renove programaren baitan. Programaren garapena koordinatzeko sortu den lantaldean laguntza programak martxoaren 1a arteko atzeraeginezko izaera izatea eskatu dute, eta hala onartu du Energiaren Euskal Erakundeak. Kontzesionarioetako lurralde ordezkariak daude lantaldean.
Renove laguntza planaren helburua da garraioan energia kontsumoaren eraginkortasuna areagotzen laguntzea, energia gutxiago erabiliz eta, horrela, ingurumen inpaktua murriztuz, Energiaren Euskal Erakundetik gogoratu dutenez.
Errepide garraioan erregai alternatiboei oniritzi estrategikoa emateaz gain (elektriko puruak, hibrido entxufagarriak eta autonomia handituta dutenak, PGL, gas naturala, hidrogenoa), Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ibilgailuen atala berritu nahi du Eusko Jaurlaritzak Energiaren Euskal Erakundearen bitartez, eraginkorragoak diren eta, beraz, gutxiago kutsatzen duten ibilgailuen erosketa bultzatuz (hibridoak, A energia sailkapena duten gasolinako edo gasolioko autoak, eta 114 gr CO2/km-tik edo 184 gr CO2/km-tik beherako emisioak dituzten ibilgailuak, euren Baimendutako Gehieneko Masaren arabera).
Planera bideratuko den zuzkidura ekonomikoa bost milioi euro da, eta EAEn bizi diren edo helbide soziala eta fiskala bertan duten izaera pribatuko pertsona fisiko edo juridiko guztiak eta toki erakundeak izango dira onuradunak.
Planaren alderdirik garrantzitsuenetako bat nahitaez txatar bihurtzea da. Betekizun horretarako, erabiltzen ari den ibilgailu bati baja eman behar zaio, zenbait baldintza kontuan hartuz. Horrela, ibilgailuak zazpi urteko antzinatasuna edo handiagoa izan beharko du frogatuta N1 kategoriako ibilgailuen kasurako (furgonetak), partikularrak nahiz enpresakoak izan, eta hamar urtekoa edo handiagoa M1 kategoriako ibilgailuen kasurako (turismoak), partikularrak nahiz enpresakoak izan, lehen matrikulazioaren egunetik egungo laguntza eskaeraren egunera arte zenbatuz.
Halaber, laguntzaren eskatzaileak ibilgailuaren jabea izan behar du 2019ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik, eta laguntza deialdia indarrean sartzen den egunetik aurrera txatar bihurtu beharko da ibilgailua.
Era berean, laguntzak jasotzeko prozedurak betetzerakoan energia kalifikazioa eskatuko da gasolina eta diesel ibilgailuen kasuan, eta, zehazki, A energia kalifikazioa izango da. Bestalde, laguntzen deialditik kanpo geratuko dira kKontzesionario gisa eratutako pertsonak eta enpresak eta ibilgailuen salmentan edo alokairuan diharduten enpresak.
Laguntzen programari lotutako espedienteen izapidetze osoa horretarako berariaz diseinatutako informatika aplikazioaren bitartez egingo da, eta Energiaren Euskal Erakundearen webgunean eskura egongo da: www.eve.eus