cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">
BILBO, 7 (EUROPA PRESS)
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) eta Ken Zazpi taldeak Klasikat zikloaren laugarren edizioan eskainiko dituzten kontzertuetarako sarrerak salgai daude jada. Abenduaren 3tik 12ra, EOSek eta talde bizkaitarrak azken hilabateetan elkarrekin garatu duten egitasmoa zuzenean aurkeztuko dute. Sarrerak 16 euroko prezio bakarra du eta kontzertuak izango direneko aretoetako leihatiletan eta gainerako ohiko salmenta bideetan erosi daitezke.
EOSetik jakinarazi dutenez, joan zen abuztuan grabatu ziren orkestraren eta Ken Zazpiren arteko lankidetza hau osatzen duten abestiak. Euskal pop rock taldearen lehenbiziko lan sinfonikoa bilduko duen diskoa azaroan jarriko da salgai, eta Elkar-Argiak diskoetxeak astelehen honetan ezagutarazi du lanaren aurrerapen bat single moduan, lotura honetan: www.youtube.com/watch?v=eoKgDaEG7vM&feature=youtu.be.
Diskoa argitaratu ondoren, EOSek eta Ken Zazpik egitasmoa zuzenean aurkeztuko dute abenduan zehar. Kontzertuak, proiektu osoa zuzendu duen Fernando Velazquezen zuzendaritzapean, Donostiako Kursaal Auditoriumean (abenduak 3), Iruñeko Baluarte Auditoriumean (abenduak 4), Bilboko Euskalduna Jauregian (abenduak 5) eta Gasteizko Principal Antzokian (abenduak 12) izango dira.
Klasikat zikloaren laugarren aldia izango da. Ziklo honen bidez, EOSek bere musika eskaintza musika klasikoaz at geratzen diren eremuetara zabaltzen du eta, aldi berean, musikaren beste arloetan jarduten duten talde zein bakarlariei alor sinfonikoan murgiltzeko aukera ematen dien plataforma da Klasikat.