Euskal Herriko 19 gazte boluntario ari dira lanean "Gerra Zibila 1936-1937" auzolandegian, lubakiak aztertzen

Lubakietan lanean
Foto: UEU
Actualizado 2014/07/16 13:37:49 CET

DONOSTIA, 16 (EUROPA PRESS)

   Aranzadi Zientzia Elkarteak, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU), Udalbiltzak, Adunako Udalak, Asteasuko Udalak, Zizurkilgo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu duten "Gerra Zibila 1936-1937" auzolandegira bisita egin dute gaur erakunde ardutadunetako ordezkariek eta komunikabideek, Belkoain mendiko lubakietan. Bertan, Euskal Herri osoko 19 gazte boluntario dabiltza lanean, lubakiak arkeologikoki aztertu eta testigantzak jasotzen.

   Auzolandegiko bisitan egon dira auzolandegiko antolatzaile guztiak: Javi Buces, Aranzadi Zientzia Elkarteko historialaria; Iñaki Alegria, UEUko zuzendaria; Mertxe Aizpurua, Udalbiltzako lehendakaria; Josu Amilibia, Adunako alkatea; Maria Pilar Legarra, Asteasuko alkatea; Joxe Mari Luengo, Zizurkilgo alkatea; Martin Garitano, Gipuzkoako ahaldun nagusia; eta Marina Bidasoro, Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta oroimen historikoaren zuzendaria.

   "Gerra Zibila 1936-1937. Erresistentziaren oroimena eta aztarnen bila" auzolandegia uztailaren 7tik 20ra bitartean egiten ari dira Adunan, Asteasun eta Zizurkilen (Gipuzkoa), eta Euskal Herri osoko 19 gazte ari dira lanean. Lan honen bitartez, gertatutakoaren egia bilatu eta hedatu nahi dute antolatzaileek, "memoria kolektiboan txertatzeko asmoz eta gerraren eta diktaduraren izugarrikeriak jasan zituztenei ordaina emateko".

   Gazteek iaz Belkoain inguruko Marea trintxeran hasitako garbiketa lanak amaitu dituzte dagoeneko, eta bigarren lubaki bat berreskuratzen hasi dira. Mendiko lanarekin batera, Aranzadiko adituen hitzaldiak ere izan dituzte. Mikel Errazkin historialariarena, esaterako, memoria historikoari buruz aritu zena; edo Karlos Almorzarena, inguruko lubakietatik ibilaldi historikoa eskaini zuena. Paco Etxeberria antropologoak deshobiratze lanak ere azalduko dizkie. Horrez gain, aisialdi irteerak ere antolatu dira Elgeta, Ezkaba eta Urbasara, besteak beste.

SASETA

   Auzolandegia burutzen ari diren lurretan, 1936ko abuztuan eta irailean, Adunako, Asteasuko eta Zizurkilgo udalerrietako mendi adarretan ezarritako Saseta defentsa sistema edo erresistentzia gunea izan zen altxamendu militar frankistaren aurka antolatutako euskal erresistentziaren mugarria, Tolosa 1936ko abuztuaren 11an frankisten eskuetan erori ondoren mendi hauetan aurre egitea erabaki zutelako.

   Memoria historikoan ahaztuta dagoen tokia den arren, borroka handiak gertatu ziren, eta ehun biktima inguru, oraingoz, kontatu direnak, eragin zituen (denak gerran). Frankistek beraien historia idazteko aukera izan, gerran hil zirenen gorputzak hartu eta lurperatu zituzten bitartean, Saseta defentsa sisteman ibili zirenak gerra galdu zutenez ez zuten aukera hori izan.

   Gaur, dokumentazio ugarik aipatzen du han izan zituztela nazionalistek lehenengo hildakoak. Horrela, Javi Buces Aranzadiko historialariak dioenez, aurkitutako dokumentu berri guztien arabera, Asteasu eta Zizurkilen ehunka metroko lubakiak egin ziren, Domingo Usandizaga Euskal Gudarosteko kapitaina buru zelarik. Horrela diote ere, garai hartako Zizurkil, Asteasu eta Aiako lekukoek.

   Aranzadiren arkeologia lanak baieztatzen du aurkitutako dokumentazioak esaten duena, eta historiak aipatzen dituen leku hauetan guztietan lubakiak eta bala zorroak aurkitu dituzte. Aranzadiko arkeologo eta boluntarioek ehunka eta ehunka metro luze dituzten lubaki ikusi eta katalogatu dituzte Asteasu, Zizurkil eta Adunan, Saseta defentsa sistema osatuz.

   Lubakien ezaugarriei dagokienez, "harrigarriak" dira neurriak, eta frankistei aurrera egiteko zirrikitu txikienik ez zieten uzten, defentsa sistema eraginkorra lortuz. Halaber, lubakien arteko komunikazioa lortu eta errazteko ere egindakoak dira.

   Bestalde, Zaratekoaitzen inguruko zuhaitzetan Aranzadik aurkitutako plano eta marken dokumentazioa eta erregistroa egin da. Oraindik ikerketa zabalduta badago ere, alde batetik zuhaitzen adina eta lubakien artean duten kokalekua kontuan izanik, eta bestalde dauzkaten irudi eta planoak ikusita, hipotesi nagusitzat jotzen da Gerra Zibilean egindakoak direla.