DONOSTIA 18 (EUROPA PRESS)
Euskal Herriko Ikastolek murgiltze eredua birdiseinatuko dute aditu eta eragileekin elkarlanean hezkuntza formaletik harago eredu integralago bat garatzeko, "euskararen biziberritzerako nahiz euskarak herri kohesiorako elementu izaten jarrai dezan estrategia eta baliabide berriak" garatu behar direla jakitun.
Horren berri eman dute asteazken honetan Donostiako Kursaal jauregian, Ikastolen 30. Jardunaldi Pedagogikoen hasieran. Hezkuntzaren arloko 600 profeionalen aurrean egin du iragarpena Euskal Herriko Ikastolen Hezkuntza zuzendari Zigor Ibarzabalek, Seaskako eta Nafarroako Ikastoletako hezkuntza zuzendariekin batera.
"Murgiltze Eredua birdiseinatzeko prozesua abiatuko dugu Euskal Herriko Ikastolek, erronka berriei aurre egiteko erantzun berriak lantzeko, Ikastoletatik abiatuta, baina Euskal Herriko hezkuntza sistema guztiak ortzimugan ditugula. Gure egitekoa ez da soilik gure ikastoletan haurrak heztea; euskal hezkuntzan eragitea ere badagokigu, herri ikuspegiz eta elkarlanerako borondate zintzoarekin. Horregatik prozesu hau Euskal Herri osoko aditu eta eragile ezberdinekin elkarlanean egingo dugu", azaldu dute.
Ikastolen arabera, murgiltze eredu berriak hezkuntza formalaren, ez-formalaren eta informalaren arteko zubiak eraiki behar ditu, helburu izanik euskal hiztun aktiboak heztea testuinguru soziodemografiko berrian eta ez soilik euskaraz irakastea, "euskara bizitzeko, gozatzeko eta transmititzeko gai diren pertsonak" hezi behar baitira.
"Murgiltze eredu berriak hezkuntza formalaren mugak gainditu behar ditu. Ez da nahikoa euskaraz irakastea. Euskal kontzientzia piztu, euskal dimentsioarekiko atxikimendua lortu, hizkuntza gaitasuna ziurtatu eta euskara erabiltzeko espazio erosoak sortu behar ditugu, bai ikasgelan eta bai ikasgelatik kanpo", azaldu dute.
Lan horretan, Ikastolek "ezinbesteko aliatutzat" jotzen dituzte aisialdiaren esparruko eragileak, erakunde publikoak eta guraso antolatuak, guztiak, betiere, "tokian tokiko errealitate soziolinguistikoetara egokituta".
Ikastolen arabera, hezkuntza eremu estrategikoa izan da azken hamarkadetan euskararen biziberritze prozesuan. Gogorarazi dutenez, 1960ko hamarkadan abiatutako auzolan herrigile eta euskaltzaleak jarri zuen herri, kultura eta hizkuntza biziberritzeko bidean, eta auzolan horretan hezkuntzak funtsezko rola izan du.
Gizartea, ordea, azkar aldatzen ari da, eta globalizazioak, digitalizazioak eta harremanetarako modu berriek, bilakaera soziodemografikoekin batera, ikasgeletara iristen diren errealitate ezberdinak sortu dituzte. Testuinguru horretan, Ikastolek uste dute orain arte egindakoa errepikatzea ez dela nahikoa euskararen biziberritzean aurrera egiteko.
"Momentua iritsi zaigu orain arte egindako bidearen indargune eta ahulguneei zorrotz erreparatzeko, gaur egun esku artean ditugun erronka berriak aztertzeko eta aurrera begirako estrategiak anbizioz eta herri ikuspegiz diseinatzeko", adierazi dute.
ELKARLANA
Euskal Herriko Ikastolen ustez, jardunaldiek ez dute soilik arazoen diagnostikoa egiteko balio, baizik eta "erantzun berriak partekatzeko, ikastolen arteko elkarlana indartzeko eta beste hezkuntza sare eta eragileekin lankidetzarako bideak urratzeko esparrua dira".
Izan ere, euskalduntzearen inguruko eztabaida iritsi da hezkuntzara, eta "atzera egin nahi dutenen aurrean, herri ikuspegiz eta determinazioarekin euskalduntze ereduan sakontzeko" deia egin dute Ikastolek.
"Gure herriak jakin zuen duela hirurogei urte herri, hizkuntza eta kultura bat biziberritzeko bidean jartzen. Guk ere, XXI. mendeko euskaldunok, ez diogu huts egingo gure garaiko erronkari. Elkarrekin egingo dugu, Euskal Herri osoaren aniztasuna aintzat hartuta eta anbizioz", esan dute.
Ikastolen 30. Jardunaldi Pedagogikoek Donostiako Kursaalen jarraituko dute egun osoan, Euskal Herriko eta nazioarteko aditu eta erreferenteen parte hartzearekin, hala nola Iñaki Iurrebaso Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) ikerketa arduraduna, Kike Amonarriz soziolinguista, Anna Fores irakasle-ikertzailea, Vicent Climent- Ferrando, Letizia Garcia eta Siwan Jones.