BILBO 30 (EUROPA PRESS)
AEK-k eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena sinatu dute asteazken honetan Bilbon, Akademiaren egoitzan, eta, akordioaren bidez, aurrerantzean AEKren 'Aizu!' aldizkariko testuak baliatuko ditu Euskaltzaindiak 'Euskararen Erreferentzia Corpusa' aberasteko.
Gainera, Lurdes Etxezarreta AEKren ordezkariak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak izenpetu duten akordioaren arabera, AEK-k bestelako materialak (besteak beste, askotariko formatuetan egon daitezkeen ikasmaterialak) eskura diezazkioke Akademiari, 'Euskararen Erreferentzia Corpusa' egitasmoan balia ditzan.
Euskaltzaindiak material hori guztia erabiliko du 'Euskararen Erreferentzia Corpusa'-ren barruan indexatzeko, analisi estatistikoa egiteko eta tratamendu lexikografikoa egiteko, horren zuzendaritza zientifiko zorrotzari loturik, Akademiak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.
Era berean, Euskaltzaindiaren webgunean azaltzen diren hainbat lanabes baliatzeko prestakuntza bi saio antolatuko dira online 2026-2027 ikasturtean. Horrez gain, euskara batuaren inguruabarrean sortzen diren hainbat zalantza argitzeko lan mintegi bat antolatuko da, 'Euskara Batuaren Eskuliburua' ardatz nausitzat hartuta.
Gainera, 'Euskara Batuaren Ortotipografia' dela-eta Euskaltzaindiak hainbat lurraldetan antolatzen dituen ikastaroetan, kopuru mugatu eta jakina gordeko du AEK-ko trebatzaileek edo irakasleek parte har dezaten. Azkenik, euskaraz ahoskatzen ikasi eta irakasteko bi ikastaro antolatuko dira 2026-2027 ikasturtean.
'EUSKARAREN ERREFERENTZIA CORPUSA'
'Euskararen Erreferentzia Corpusa' euskararen askotariko adierazpen eta erabilerak biltzen dituen corpus sinkronikoa da. Corpus hori ahalik eta orekatuena izateko eratzen da, lurraldeen, egileen, jatorrien eta erabilera eremuen ikuspegitik. Euskaltzaindiak, besteak beste, hizkuntza araugintzaren bilakaera aztertzeko, premia berriak antzemateko eta 'Euskaltzaindiaren Hiztegia' aberasteko erabiltzen du.
Halaber, haren xedea da Euskaltzaindiaren ahozko nahiz idatzizko edukiak jasotzen dituzten datu baseak aberastea. Euskaltzaindiaren datu baseek hainbat hedabidek, argitaletxek eta erakundek euskaraz sortutako ahozko nahiz idatzizko edukiak jasotzen dituzte, eta eduki horiek corpusaren oinarria osatzen dute.
Euskaltzaindiak 2025eko martxoaren 31n aurkeztu zuen jendaurrean. "Corpus orekatua, irekia eta kolektiboa" dela esan zuen Andres Urrutia euskaltzainburuak agerpenean, Euskal Herriko 70 bat erakunde pribatu eta publikoren materialak jasotzen baititu.