BILBO 3 (EUROPA PRESS)
Euskaltzaindiak Resurrecion Maria Azkue lehen euskaltzainburua izan zenaren lana eta bizitza gogoratzeko egitarau zabala prestatu du, azaroaren 9an 75 urte beteko baitira Lekeitioko (Bizkaia) semea hil zenetik. Ohi duen legez, erakunde pribatu eta publikoekin elkarlanean osatu du programa Akademiak, eta bidelagun izan ditu Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, Lekeitioko Udala, Bilboko Euskal Museoa eta Laboral Kutxa.
Astearte honetan aurkeztu da egitarau osoa, eta Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan egin den agerpenean izan dira Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria, Eider Inuntziaga Bilboko Udaleko Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotzia, Ander Aldazabal Lekeitioko alkatea eta Antton De La Lama Kultura zinegotzia, Xabi Paya Bilbao Bizkaia Museoen zuzendaria, Marije Etxaniz Laboral Kutxako Komunikazio zuzendaria eta Andres Urrutia euskaltzainburua.
Agerraldian gogorarazi dutenez, R. M. Azkue (Lekeitio, 1864 - Bilbo, 1951) lehen euskaltzainburua izan zen, eta, horrez gain, alderdi askotako gizona: irakaslea, musikaria, apaiza, kazetaria, intelektuala eta folklorista. "Azkueren askotariko lanek, haren ekintza sakabanatuek, amets bat zuten iturburu: euskaldunek euskaldun irautea mundu modernoan, beren hizkuntza eta kultura mantenduz eta garatuz. Amets horrexek inspiratu zuen Azkueren bizitza oparoa", azaldu dute.
Bada, egitaraua larunbatean hasiko da, azaroaren 7an, eguerdi partean, eta edozenbat herritarrek parte hartuko dute Azkuek idatzitako testuen pasarteak irakurtzen, Lekeitioko Nautika plazan. Azkue hil zen egunaren 75. urtemugan, azaroaren 9an, erakusketa baten estreinaldia izango da Bilboko Euskal Museoan, 19:30ean. Erakusketa horretan, batez ere, Azkueren bizitza eta lan nagusiak jorratzen dira, Euskal Museoak lan eta objektuen bilduma horri eman dion ukitu museografikoak aberasturik. 2027ko urtarrilaren 10a arte egongo da ikusgai.
Azaroaren 14an, Azkueren 'Cancionero Popular Vasco' edo 'Euskal Kantutegi Herrikoia' oinarritzat hartuta, Bilboko Koral Elkarteko eta Lekeitioko abesbatzako gazteen sailek, hau da, Euskeria eta Kantakai koralek, musika emanaldia eskainiko dute Euskal Museoaren klaustroan, 19:00etatik aurrera. Aurrerapen gisan, aipaturiko koraletako 70 bat gaztek abestuko dute emanaldian eta EITBk grabatuko du kontzertua.
Azaroaren 21ean, 12:00etan, Resurreccion Maria Azkueri buruzko hitzaldia eskainiko du Jabier Kaltzakorta euskaltzain osoak Lekeitioko Azkue aretoan, eta azaroaren 27an, saio bikoitza egingo dute euskaltzainek Euskal Museoan: hasteko, 10:00etan, Akademiaren osoko bilkura egingo da, eta, 12:00etan, Azkueren inguruko ageriko bilkura. Bigarren horretan, Bilboko Txistularien Bandak parte hartuko du.
Oraindik ere eguna finkatu ez den arren, azaroaren amaieran edo abenduaren hasieran herri-kantutegitik hartutako piezetan oinarrituriko partaidetzazko kantaldia eskainiko du Josu Zarate kantuzaleak Euskal Museoan.
'SUSTRAIA' ALDIZKARIA
Abenduaren 19an, Resurreccion Maria Azkueri buruzko hitzaldia emango du Andres Urrutia euskaltzainburuak Lekeitioko Azkue aretoan, 12:00etan, eta eta hitzaldiaren ostean, 13:00ak aldera, Sabiño Madariagak eta Gotzon Loberak 'Sustraia' aldizkariaren berrargitalpena aurkeztuko dute leku berean.
'Sustraia' aldizkariaren lehen alea 1978an kaleratu zen Lekeition eta bertan aipatzen da Azkue, baina 1984an ale monografikoa argitaratu zen Azkueren omenez edo gorazarrez (49. zenbakia), eta material hori da, hain zuzen, berrikusi eta aberastu dena.
Egun berean, 20:00etan, Bilboko Koral Elkarteak eta Lekeitioko abesbatzak Bilbon emandako kontzertuaren erreplika emango dute Lekeitioko Andre Mariaren Jasokundearen basilikan.
Egitaraua amaitzeko, R. M. Azkueri buruzko erakusketa Lekeitiora eramango da 2027. urteko udaberrian, eta bnertan izango da ikusgai uda amaitu arte.