GASTEIZ, 2 (EUROPA PRESS)
Euskara ikastea doakoa izango da oinarrizko A2 mailan ere 2025-2026 ikasturtean, Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak A1-A2 oinarrizko mailetan euskara ikasten duten ikasleei eta C1 mailan komunikazio gaitasuna hobetu nahi duten 16-18 urteko gazteei diru laguntza emateko deialdia onartu ondoren.
Modu honetan, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzak urratsak ematen jarraitzen du euskara ikastea "errazagoa eta doakoa izateko".
Hain zuzen ere, aurreko ikasturteetan martxan jarritako doakotasun politikei jarraipena emango dio Jaurlaritzak ikasturte berrian, eta, horretarako, 4,86 milioi euro bideratuko ditu, 2024an baino %52,9 gehiago.
"Erabaki honek aurreko ikasturteetan martxan jarritako doakotasun politikei jarraipena ematen die eta, berrikuntza modura, A2 maila txertatzen du doakotasun programan", gaineratu du Bengoetxeak.
Adierazi duenez, doakotasun programaren helburu nagusia euskara ikastea "errazagoa eta guztientzat eskuragarria" izatea da. Bere hitzetan, "gobernuarentzat euskara ikastea estrategikoa da, euskararen erabileran jauzia eman ahal izateko. Horregatik, euskara ikasteko bideak bermatzen, zabaltzen eta laguntzen jarraituko dugu".
Lehen lehendakariordeak esan du oinarrizko mailetan (A1-A2) euskara ezagutzen ez duten pertsonak gerturatu nahi dituela Jaurlaritzak euskaltegietara, "eurak direlako euskararen harrobia".
"Doakotasun programari esker, iazko ikasturtearekin alderatuta, aurtengo ikasturtean A1 mailako ikasle kopurua %30 igo da. Bestalde, C1 mailan, euskarazko komunikazioaren ezagutza maila handitzeko eta sendotzeko helburua duten 16-18 urteko gazteak ere laguntzen jarraitu nahi dugu, unibertsitateko ikasketetara edota lan mundura salto egin aurretik", azaldu du.
Modu honetan, A1 eta A2 mailetan ikastaroa doakoa izango da eta ikasleak ikasturte hasieran matrikularen zati txiki bat soilik ordainduko du, maila egiaztatzerakoan berreskuratzeko aukerarekin.
Era berean, C1 mailako 16-18 urteko gazteen euskarazko komunikazio gaitasuna hobetzeko ikastaroa doakoa izango da. Ikasleak ikasturte hasieran matrikularen zati txiki bat soilik ordainduko du, eta maila egiaztatzerakoan berreskuratzeko aukera izango du.
BESTE MAILAK
Gainerako mailetako euskaltegietako ikasleek aukera izango dute matrikularen doakotasunerako ohiko diru laguntzen lerroetan parte hartzeko.
Horrela, B1 eta B2 mailetan laguntza jaso ahalko da ikasleak maila euskaltegietan lortzen badu edo azterketa batean egiaztatzen badu, hau da, ikasleak ikastaroa ordainduko du hasieran, eta euskaltegiko ebaluazioa edo egiaztatze azterketa gaindituz gero, hasieran ordaindutakoa bueltatuko zaio ikastaroaren amaieran.
C1 mailan, 16 eta 30 urte bitartekoen kasuan, diru laguntza jaso ahalko da maila egiaztatzen bada. Ikasleak ikastaroa ordainduko du hasieran, eta egiaztatze azterketa gainditzen badu, hasieran ordaindutakoa bueltatu egingo zaio ikastaroaren amaieran. C1 mailako 30 urtetik gorakoen kasuan eta C2 mailan ere, ikastaroaren zati bat diruz lagunduko da, maila egiaztatzen bada.
DOAKOTASUNA
Modu honetan, azken bi ikasturteetan hartutako erabakiei jarraipena eman dio Jaurlaritzak gobernu bileran ikasturte berrirako onartutako deialdiak, hori baita Lakuako gobernuaren konpromisoa, euskara ikasteko doakotasunaren bidean pausoak ematen jarraitzea, hain zuzen ere.
Hasteko, 2023-2024 ikasturtean, Jaurlaritzak erabaki zuen 16-18 urte bitarteko gazteetan, C1 mailan, euskarazko komunikazio gaitasun maila hobetu nahi zuten ikasleen matrikula doakoa izatea. Erabaki hori azken bi ikasturteetan berretsi da. Hala, ikasleek matrikula merke bat ordaintzen dute ikasturte hasieran eta, maila egiaztatu ondoren, ordaindutakoa berreskuratzen dute.
Helburua da goi mailako prestakuntza profesionala edo unibertsitatekoa hasterakoan, edo lan merkatuan sartzerakoan, euskarazko komunikazio maila egokia izatea euskararen erabilera areagotzeko.
Beste alde batetik, 2024-2025 ikasturtean hasierako A1 maila doakotasun programara batzea erabaki zuen Jaurlaritzak; izan ere, datuen arabera, euskaltegietako ikasleen %22 inguru kanpotik etorritakoak dira.
Euskara ezagutzen ez duten gizarte talde horiek "euskaltegietako harrobia" direla eta euskarara gerturatzea "beharrezkoa zela" ikusi zen, euskararen erabileran jauzia emateko.
Hala, hartu berri den erabakiari esker, A1 mailako ikasleentzat matrikulak doakoa izaten jarraituko du ikasturte berrian eta, gainera, A2 mailara zabalduko da. Modu honetan, iaz A1 mailan euskara doan ikasi zuten ikasleek jarraipena izango dute doakotasunean eta A2 mailan ere euskara doan ikasteko aukera izango dute.