DONOSTIA, 18 (EUROPA PRESS)
Eusko Jaurlaritzak duela zenbait urte on line (www.itzultzailea.euskadi.eus) jarri zuen itzultzaile automatikoak euskara-ingelesa hizkuntza pare berria gehitu du. Gainera, sakelako telefonoetarako Android (Google Play-n eskuragarri aste honen bukaeran) eta iOs (Apple Store-n eskuragarri 10-15 egun barru) aplikazioak eguneratu dira.
Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak, Lucy Software Ibérica S.L. enpresako kudeatzaile Juan Alberto Alonsok eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Plangintzako arduradun Araceli Diaz de Lezanak itzultzaile automatikoaren inguruan dauden zenbait berritasun aurkeztu dituzte asteazken honetan Donostian.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Donostian antolatu duen "Itzulpen automatikoa euskaraz" mintegia baliatu du itzultzaile automatikoaren inguruan egindako lanen berri emateko.
Horrela, euskara-ingelesa hizkuntza pare berria eta sakelakoetarako Android eta iOs aplikazio eguneratuak aurkezteaz gain, Eusko Jaurlaritzaren webgunean, Irekia atarian eskuragarri jarri diren lau lexiko elebidunak (eu-es/es-eu/eu-en/en-es) eskuratu eta berrerabili ahal izateko aukeraren berri ere eman da.
Halaber, itzultzaile automatikoa web REST Zerbitzuaren bidez erabiltzeko aukera ere aurkeztu dute, hau da, parametro batzuk gehituta, Eusko Jaurlaritzaren itzultzailea webguneetan integratu daiteke, bertatik erabil ahal izateko. Zerbitzu hori erabiltzeko, interesdunek Eusko Jaurlaritzarekin jarri beharko dute harremanetan.
Bestalde, Baztarrikak Eusko Jaurlaritzaren itzultzaile automatikoaren zenbait datu eskaini ditu. Datuek erakusten dutenez, herritar askok normaltasunez erabiltzen dute 'Euskara' webguneko itzultzaile automatikoa (www.itzultzailea.euskadi.eus). 2015ean, guztira, 10.889.174 itzulpen egin zituen itzultzaileak, eta aurten, batez beste, hilabete bakoitzean ia 1.500.000 itzulpen egin dira: batez beste, 50.000 itzulpen eguneko.
MINTEGIA
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak "Euskarazko IKT" mintegia antolatu zuen Bilbon 2014ko abenduaren 17an. Mintegi hari jarraipena emate aldera, eta betiere "Euskararen Agenda Estrategikoa, 2013-2016, Bizikidetzarako hizkuntza bizia" dokumentuan IKTen inguruan jasotakoari men eginez, "Itzulpen automatikoa euskaraz" gai monografikao izan duen mintegia egin da.
Mintegiaren helburuetako bat izan da euskara eta beste hizkuntzen artean itzulpen automatikoa eskaintzen duten sistemak hobeto ezagutzea, hau da, sistema bakoitzak nola funtzionatzen duen, erabiltzen dituen teknologiak eta teknikak, itzulpen automatikoaren gaur eguneko egoera, dauden zailtasunak (bereziki euskararekiko) edo aurrera begirako erronkak.
Gai hauetaz guztietaz hitz egin da mintegian, eta parte hartzaileei dagokienez, esparru askotarikoak izan dira, besteak beste, Patxi Baztarrika bera, Juan Alberto Alonso Lucy Software Ibérica S.L. enpresako kudeatzailea, Luis Collado Google enpresan Books, eBooks, News &Magazines-en zuzendaria, Itziar Cortes Elhuyar Fundazioko itzulpengintzarako teknologien arduradunak eta Gorka Labaka Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) IXA taldeko ikerlariak.
Halaber, Pablo de Amil Espainiako Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioko Plangintza eta Ustiapen Arloaren buruak eta Jorge Gimenez Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak ere parte hartu dute mintegian.
Baztarrikak adierazi duenez, "ondo gogoan dut, nola, 2007-2008an, gaztelaniatik euskarara testu orokorrak itzuliko zituen tresna bat garatzeko prozesua aztertzeko lehen urratsak eman genituenean, ia ia zientzia fikzioa iruditzen zitzaigula esaldi bat gaztelaniaz idatzi eta makina batek euskarara itzultzea edo alderantziz".
"Orain, esan dezakegu hori hor dagoela, euskarak sekulako aurrerapena izan duela teknologia horretan eta, egunero, gure itzultzailearen kasuan, behinik behin, herritar askok, normaltasunez, erabiltzen dutela 'Euskara' webgunean dugun itzultzaile automatikoa", azaldu du.
Halere, itzulpen automatikoak ez duela giza itzulpena ordezkatuko esan du, ez baita hori bere helburua. "Gainera, kalitatea gogoan hartuz, kontuan izan behar da, gure itzultzaile automatikoaren kasuan bederen, testu orokorrak, formalak eta ondo idatziak itzultzen dituela. Hala ere, erabiltzaileak gauza izan behar du makinak egindako itzulpena zuzentzeko eta hobetzeko", adierazi du.