BILBO, 28 (EUROPA PRESS)
Euskarak Hego Euskal Herriko zinema areto komertzialetan 2022. urtean izan duen presentzia %1,99koa izan dela neurtu du Pantailak Euskaraz euskal ikus-entzunezkoen aldeko ekimenak. Euskaldunon hizkuntza eskubideen "urraketa sistematikoa" dela eta, neurriak eskatu dituzte Pantailak Euskaraz-ek eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak, eta herritarrak salaketak jartzera animatu dituzte.
Joan den ostiralen iritsi zen zinema aretoetara 'Irati' Paul Urkijoren film berria, eta gertaera horrek euskal ikuslerian sortu duen "poza eta itxaropena" probestu nahi izan dituzte Pantailak Euskaraz-ek eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak 2022an zinemetan egon den euskarazko eskaintzari errepasoa egiteko.
Modu honetan, bi erakundeen iritziz, datu "adierazgarria" da, besteak beste, 2022. urtean zehar ez dela euskarazko fikziozko film bakar bat ere estreinatu.
Pantailak Euskaraz-ek 2022an Hego Euskal Herriko zinema komertzialetan izandako estreinaldi kopurua eta eskainitako filmen hizkuntza aztertu ditu, eta datuak "gordin bezain kezkagarriak" direla ohartarazi: euskarazko jatorrizko bertsioan, euskarara bikoiztuta, edo euskarara azpidatzita eskaini den estreinaldi kopurua ez da %2ra iritsi; gazteleraz edo gaztelerara azpidatzita, berriz, filmen %100 eskaini dira.
Hain zuzen, 751 estreinalditik, jatorrizko bertsioa euskaraz lau filmek izan dute, euskarara bikoiztuta beste 11 eskaini dira, eta elebidunak edo hirueledunak direnak beste bi izan dira.
"Beraz, azken hauek kanpo utzita, estreinaldien %1,99 izan da euskaraz Hego Euskal Herriko zinema areto komertzialetan. Honi gehitu behar zaio euskarazko filmek izaten duten pase kopurua gaztelerazkoek dutena baino askoz ere txikiagoa izaten dela; beraz, emanaldi kopuruari begiratuz gero, euskarazko eskaintza are txikiagoa litzateke: %1ekoa. Ipar Euskal Herriko egoera, berriz, okerragoa dela pentsa daiteke, datu zehatzik eskuratu ez den arren", azaldu dute.
Txalotu dute hainbat udalerritako erakundeen eta kultur kudeatzaileen lanari esker, udal areto, kultur etxe eta zinema geletan euskarak presentzia handiagoa izan duela, baina ikerketan hiriburuetako zinema komertzialeko datuak aztertu direla zehaztu dute, horiek baitira ikusle gehien dituztenak.
LEGEAK ETA BALIABIDEAK
Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eta Pantailak Euskaraz-ek uste dute erakunde publikoen ardura dela herritar guztien hizkuntza eskubideak zinema aretoetan ere babesteko neurriak hartzea.
Horrela, beharrezko ikusten dute euskararen presentzia legez bermatuko duten arauak jorratzea Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroako Foru Komunitatean, "horretarako eskumenak baitituzte", bai eta euskarazko ekoizpen, bikoizketa eta azpidatziei bideraturiko baliabideak biderkatzea ere.
"Izan ere, ikus-entzunezkoek geroz eta denbora gehiago hartzen dute gure aisialdian, zinemetan estreinatzen diren filmak 'streaming' plataformetara iristen dira ondoren, eta beraz, filmak euskaraz ere egotea ezinbestekoa da euskararen normalkuntzan aurrera egiten jarraitzeko, herritarren arteko berdintasunean sakondu eta euskarari etorkizun duin bat ziurtatzeko", azaldu dute.
Bien bitartean, Pantailak Euskaraz-ek eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak euskarazko ekoizpenak eta euskarara bikoiztutakoak kontsumitzera animatu dituzte euskal herritarrak, eta euskarazko eskaintzarik ez dagoenean, www.euskararentelefonoa.eus bitartez dagokion salaketak jartzera.