Euskaraldiak sortu duen mugimendua "izugarria" izan dela eta erabilera erdigunean jarri duela diote antolatzaileek

Laugaren Euskaraldiaren lehen balorazioa egin dute
EUSKARALDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 26 mayo 2025 12:53

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

Euskaraldia hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozialaren laugarren aldia bukatu zen igandean, eta maiatzaren 15ean hasi zenetik sortu duen mugimendua "izugarria" izan dela eta euskararen erabilera erdigunean jarri duela nabamendu dute antolatzaileek.

Hain zuzen, Euskaraldiaren lehen balorazioa egiteko Bilbon bildu dira koordinazio mahaia osatzen duten erakundeetako ordezkariak: Irati Iciar Madinabeitia, Taupa euskaltzaleen mugimenduko lehendakaria, Javier Arakama Urtiaga Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea, Aitor Aldasoro Iturbe, Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, David Aire Euskararen Erakunde Publikoko mugaz gaindiko harremanen arduraduna eta Jon Kobeaga Erkiaga Euskaraldiko koordinazio orokorreko kidea.

Hasteko, nabarmendu dute inoizko herri gehienek antolatu dutela laugarren edizio honetan Euskaraldia, eta hori "benetan berri pozgarria" dela euskararen biziberritzean lanean diharduten eragile eta norbanako guztientzat, "esan nahi baitu, inoizko herri gehienetan piztu dela ariketaren beharra eta antolatzeko ilusioa". Denera, 450 herri murgildu dira Euskaraldian.

Era berean, Euskaraldiaren berrikuntza nabarmenetako bat izan da urtaro aldaketa, udazkenetik udaberrira pasa baita, eta aldaketa "oso ondo" baloratu dute herriz herri sortutako batzordeek eta gainerako eragileek, "horrek aldartean eta giroan onura ekarri duelako bai herrian eta baita batzordekideen artean ere".

Bestalde, sustatzaileen hitzetan, Euskaraldiaren laugarren edizioak erakutsi du "mota guztietako entitateek euskararen erabileran jauzi bat eman nahi dutela eta hori ahalbidetzeko urratsak emateko prest daudela".

Hain zuzen, 7.500dik gora entitatek berretsi dute Euskaraldian parte hartu nahi dutela, "euren kideen artean ariketa sustatuz, ikusgarri eginez eta euskara gehiago erabiltzeko pausoak emanez". Horrela, aurreko urteetako izen-emate kopurua gainditu du laugarren edizioak.

IA 135.000 IZEN-EMATE

Orobat, iragarri dute gaur gaurkoz ia 135.000 lagunen izen-emateak jaso dituztela edizio honetan, nahiz eta oraindik badiren jaso gabeko batzuk, paperezko orrietan eman zutelako izena, adibidez.

"Eta izena eman dutela aipatzen dugunean, diogu milaka eta milaka lagun horiek herritako mahaietan, ordenagailuaren edo mugikorraren bidez, berariaz euskaraldia.eus helbidean sartu eta euren datuak eman dituztela euskaraz gehiago hitz egin eta entzun nahi dutelako. Ikaragarria da hori", esan dute.

Gainera, azaldu dute besterik dela parte hartu dutenen datua, "jakin badakigu, jende askok izenik eman gabe hartu duela parte ariketan", besteak beste, "aurreko urteetan izena eman zutelako eta berriro ematea beharrezkoa iruditu ez zaielako, aurreko edizioko txapa etxean gordeta zutelako".

"Horren adibide da txapa banaketa. Izan ere, herri asko eta askotan izen-emateak baino txapa gehiago banatu dira. Beraz, horrek erakusten digu datuek esaten dutena baino jende gehiago dagoela euskararen erabileran jauzi bat eman dadin gogoz", gaineratu dute.

Hala ere, deitoratu dute "nahi baino txapa gutxiago" ikusi dituztela kalean, eta hori "aztertu beharrekoa" dela, hau da, zergatik pertsona batzuek txapa hartu baina gero janzten ez duten.

Dena dela, ekimenaren sustatzaileek uste dute orain arte iritsi ez den herritar geruza batera ere iritsi dela Euskaraldia. "Orain arte parte hartu ez duten askok hartu dute parte ariketan, izan entitatearen bitartez ezagutu duelako edo batzordea iritsi delako eurengana. Zabaltzeko beste pauso bat eman du, beraz, ariketak", azaldu dute.

Bukatzeko, adierazi dute azken balorazioa egiteko garrantzitsua izango dela Euskaraldian parte hartu duten belarriprest eta ahobizi guztien bizipenak jasotzea, eta parte hartzaile guztiei eskatu diete https://euskaraldia.eus/bizipenak/ web orrian sartu eta ariketan bizitakoak parteka ditzaten.

"Baina behin eta berriz aipatzen dugu hizkuntza ohiturak ez direla gauetik goizera aldatzen; Euskaraldiak arnas luzeko ekimena izan behar du. Apurka apurka, urratsez urrats, bizipenez bizipen, lehen hitza euskaraz egitea, edo elkarrizketa elebidunak izatea guztiontzat ohikoa bihurtu arte jarraituko du Euskaraldiak bizirik", adierazi dute.

Contenido patrocinado