BILBO, 2 (EUROPA PRESS)
Euskaraldian "jarrera aktiboa" izateko deia egin diete antolatzaileek herritarrei, eta gogorarazi dute izen-ematea oraindik irekita dagoela www.euskaraldia.eus webgunean. Era berean, adierazi dute txapak banatzen hasi direla jada herrietan.
Bi aste eskas geratzen dira Euskaraldia hasteko -maiatzaren 15etik 25era izango da-, eta ia dena prest dago ariketari ekiteko. Agerraldia izan da ostiral honetan Lekeition, eta bertan bildu dira Lekeitioko eta Mutrikuko batzordeetako ordezkariak, Euskaraldiko koordinazio orokorreko kideak eta euskal gizarteko hainbat aurpegi ezagun ere, Euskaraldiarekin bat egiten dutela adierazteko.
Ana Goitia aurkezleak zuzendu du agerraldia, bera baita laugarren edizioko hamaikakoko kide lekeitiarra. Ekitaldia hasteko, tokian tokiko batzordeek herriz herri egiten duten lana azpimarratu nahi izan dute.
"Euskaraldia arrakastatsua izan dadin, ezinbestekoak dira herrietako batzordeak. Eurek ahalbideratzen dute Euskaraldiaren mezua herritarrengana iristea eta ariketa bera, herriz herri, Euskal Herri osoan egin ahal izatea", azpimarratu du Jon Kobeaga Euskaraldiko koordinazio orokorreko eta Lekeitioko batzordeko kideak.
Aurten, gainera, batzordeak oso "indartsu" sumatu dituztela nabarmendu du Kobeagak: "Orain bi edizio bizi izan genuen pandemia, eta 2022ko Euskaraldian sumatu zen haren arrastoa oraindik. Aurten, ordea, batzordeetan jende gehiago ibili dela jakin badakigu, hainbat herritatik jaso dugun mezua izan baita hori".
Batzordeen lanarekin batera, Euskaraldiaren beraren garrantzia ere azpimarratu dute, eta euskararen erabileran eragiteko "orain-oraingoz daukagun tresna indartsuena" bezala definitu dute.
Kobeagaren hitzetan, "orain da euskararen erabileran jauzia eman ahal izateko batzeko tenorea; denok batera eraginda entzungo baita euskara gehiago gure kaleetan. Bi urtez behin egiten dugun ariketa masiboa probestu behar dugu abiada hartu eta urte guztian euskara gehiago erabili eta entzuteko".
Kobeagarekin batera egon da Joseba Palenzuela Mutrikuko batzordeko kidea, eta Euskaraldiak herrian sortzen duen mugimendua nabarmendu du bere hitzartzean: "Herri mailan mugimendu polita Euskaraldiaren bueltan. Aurreko edizioan bost bat lagun izatetik, oraingoan 10-12 izatera pasa gara, eta ilusioz gabiltza".
IZEN-EMATEA
Euskaraldian oraindik izena eman ez duten herritarrek badute aukera ahobizi edo belarriprest izango diren esateko, izen-ematea irekita egongo baita ariketa hasi arte. Jakina denez, ariketan parte hartzeko bakoitzak bere rolaren berri ematea beharrezkoa da, eta datu gutxi batzuk beteta ematen dute izena herritarrek www.euskaraldia.eus webgunean.
Izena emateak aldez aurreko hausnarketa dakar berarekin, parte hartzaileek ahobizi edo belarriprest rolen artean aukeratu behar dute eta. Rol bakoitzak jokatzeko modu ezberdinak eskatzen ditu.
"Rola aukeratzean, euskaraz hitz egiteko dugun gaitasuna baino euskaraz zenbat, zenbatekin eta zenbatetan egingo dugun erabakitzea da garrantzitsua", azpimarratu du Kobeagak.
Euskaraldiaren eta, oro har, euskararen aurrean "jarrera aktiboa" izateko deia egin dute antolatzaileek, izena ematen duten unetik bertatik: batzordeetan parte hartuz, herrietan antolatutako ekitaldietara joanez, eta gehienbat, Euskaraldiak eskatzen dituen ohitura aldaketak egiteko ahalegina eginez.
Izan ere, ariketaren helburua euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzea da, eta horretarako, ohitura zehatz batzuk hartzea proposatzen du: lehen hitza beti euskaraz egitea, eta euskaraz dakien guztiarekin euskaraz jarraitzea -elkarrizketa elebidunak normalizatuz-.
TXAPAK
Ostiral honetan hasi dira Lekeitioko herritarren artean Euskaraldiko txapak banatzen. Ezinbesteko elementua da txapa ariketarako, erakusten duelako parean dagoenak euskara badakiela eta mezu argia bidaltzen duelako: 'Nirekin hitz egin euskaraz, lasai!'.
"Norberarentzat baino aurrean dugunarentzat da baliagarria txapa, hizkuntza bat edo beste aukeratzean sortzen zaigun estresa murrizten du horrela, eta euskaraz askoz erosoago aritzeko aukera ematen digu", adierazi du Mutrikuko batzordeko kideak.
Txapa non jaso jakiteko, Euskaraldiaren webgunean (www.euskaraldia.eus) dagoen mapan egin daiteke kontsulta, herriz herriko informazioa jasotzen baita bertan.