DONOSTIA, 20 (EUROPA PRESS)
Euskalgintzaren Kontseiluak eta Batuz Aldatu adostasun sozialaren talde eragileak euskararen biziberritzearen aldeko itun soziopolitiko berriaren oinarriak aurkeztu dituzte, eta etorkizuneko hizkuntza-politikaren oinarriak "euskararen ezagutza unibertsalizatzea" eta "erabilerarako baldintzak sortzea" izan behar direla berretsi dute.
Proposamena garatzeko prozesuaren eta emaitzen berri eman dituzte ostiral honetan Miramonen Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, Aitziber Blanco elkarrizketa prozesuaren dinamizatzaileak eta Igor Arenaza (Athletic Club) eta Leire Alberdi (Euskal Kontsumitzaileen Alkartea) talde eragileko kideek.
Gogorarazi dutenez, Euskalgintzaren Kontseilua aspalditik ari da hizkuntza-politiketan "jauzi bat" behar dela aldarrikatzen, aztertzen, definitzen eta neurri zehatzak proposatzen, bai eta "jauzi horren inguruko adostasuna lantzen eta eratzen".
Hala, 2021eko ekainean, Kontseiluaren ekimenez, Euskal Herri osoko eta askotariko 110etik gora elkarte, fundazio, enpresa eta sindikatuk 'Batuz Aldatu: Hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun soziala' aurkeztu zuten, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan jauzi bat emateko beharra aldarrikatuz eta jauzi horren oinarriak zeintzuk ziren adieraziz.
Bada, ostiralo honetatik hasita, hizkuntza-politika berriak bi oinarriren gainean egin beharko direla nabarmenbdu du: "euskararen ezagutza unibertsalizatzea eta erabilerako baldintzak sortzea".
Sustatzaileen aburuz, bi oinarri horiek gainditu egiten dute orain arteko hizkuntza-politiken eredua, bereziki euskararen aldeko hizkuntza-politika aurreratuenak egiteko aukera izan den Euskal Autonomia Erkidegoan erabili dena.
Izan ere, indarrean dagoen ereduak bi hiztun komunitate bereizten ditu -erdaldunak eta euskaldunak-, zeinetan euskaldunen komunitateari eskubide batzuk aitortzen zaizkion, hau da, "minorientzat" eginiko politikak. Arauari salbuespen bakarra hezkuntza sisteman aplikatu den politika izan da, zeinetan, hutsuneak hutsune, "belaunaldi berriak progresiboki euskalduntzeko anbizioz jokatu den".
Horregatik, euskararen erabilerarako baldintza errealak sortzeko, "minorien" hizkuntza-politika gainditu eta euskal gizartea euskalduntzeko norabidean jarriko den hizkuntza-politika berria beharrezkoa dutela iritzi diote, hau da, "herritar denei euskara bermatzea, elebidun euskaldunak izan daitezen eta euskaraz ulertu eta hitz egiteko baldintza eta oztoporik izan ez dezaten".
"Paradigma aldaketa bat. Jauzi bat. Izan ere, bi oinarri hauen gainean eraikitzen ez diren politikek gizarte segregazioa betikotzeko eta areagotzeko arriskua ekar dezakete, gizatalde ugariren garapen pertsonal, sozial eta profesionala mugatuz", azaldu dute.
ITUN SOZIOPOLITIKOA
2021eko agerraldiaren ostean, akordioaren sinatzaileen batzarra egin zen 2022an, eta "kordio soziala garapen politikoago batera eramateko konpromisoa" hartu zuen talde eragilea sortu zen, euskarak behar duen jauzirako itun soziopolitiko berri bat osatzea helburu.
Ordutik lau urte pasa direla eta "gauza asko" gertatu direla adierazi dute. Edonola ere, bereziki, bi gertakarik markatu dituzte lau urteok euskararen normalizazio eta biziberritzeari dagokionean.
Alde batetik, indartu egin dira euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren agortze zentzuak, eta azken azterketa, datu eta gertakari soziolinguistikoek "erretratu iluna" dakarte (euskararen estatus arazoak eta egiturazko minorizazioa, errealitate soziodemografikoaren bilakaerak, erabilera sozialaren jaitsiera, arnasguneen ahultzea, globalizazio eta digitalizazio azeleratua).
Beste alde batetik, egun indarrean diren hizkuntza-politikak "eraisten ari dira oldarraldi judizial baten bidez". "Judiziala, baina aldaera politiko eta diskurtsibo nabarmenak dituena, gero eta agerikoagoak", gaineratu dute.
Hori dena gertatzen ari den bitartean, Batuz Aldatu dinamikako talde eragileko kideak lanean aritu dira, abiaburuko adostasun soziala itun soziopolitiko gisa garatzeko zereginean.
AEK, Agirre Lehendakaria Center, Athletic Club Fundazioa, Bizipoza Bilgunea, Euskal Kontsumitzaileen Alkartea, Euskaltzaleen Topagunea (Taupa Mugimendua), Eusko Ikaskuntza, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Gipuzkoako Erizainen Elkargoa, Mondragon Korporazioa eta Nafar Ateneoa "lan isilean" aritu dira azken urtebetean hartutako konpromisoa bete eta euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuari ekarpena egiteko borondatez.
Kontseiluaren ustez, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua hizkuntza baten berreskurapenaz haragoko zerbait dela, "eraldaketa soziala, elkarbizitzarekin, justizia sozialarekin, gizarte kohesioarekin, eta, funtsean, demokratizazioarekin lotutako prozesua" baita.
Horregatik, hain desberdinak eta anitzak diren eragileekin lanketa hau aurrera eramateko bizikidetza arloan aditua den Aitziber Blanco bideratzailearengana jo zuen eta bera izan da eta izaten ari da prozesuaren laguntzaile.
"Benetan elkarrizketa aberatsa sortu da parte hartzaileen artean, xehetasun eta ñabardurez betea, eta euskararen normalizazioan aurrera egingo bada hizkuntza-politiketan egin beharreko jauziaren berme izango den itun soziopolitiko berriaren edukiak zehaztear gaude; estatusaren auzian, hezkuntzan, helduen euskalduntze-alfabetatzean, eremu sozioekonomikoan, administrazioan, astialdian, eremu digitalean, kulturan egin beharreko jauziaren oinarrien azken xehetasunak adosten", azaldu dute.
IRAILEAN
Horrela, irailean aurkeztuko zaio dokumentua Batuz Aldatu-ko sinatzaileen batzarrari, ekarpenak egin eta onar dezaten. Edonola ere, berretsi dute "ezagutza unibertsal egitea eta erabilerarako baldintzak bermatzea" direla "ezinbesteko jauziaren edo paradigma aldaketaren oinarriak".
"Momentu honetan, euskararen normalizazio prozesuaren egoera, eman beharreko jauziaren irudikapena eta horretarako adostasunen premia hizpide dira gizarteko zenbait gunetatik, bai beste eragile sozial batzuen ekimenen bidez edota erakundeetatik egiten ari diren proposamenak tarteko", adierazi dute.
Bada, testuinguru honetan, Euskalgintzaren Kontseiluak nabarmendu du "ezagutzaren unibertsalizazioa eta erabilerarako baldintzak bermatzea" direla "hizkuntza-politiketan ezinbestekoa den jauzia egiteko modua", eta, Batuz Aldatu dinamikak erakusten duen bezala, "adostasun sozial handia" dagoela horren inguruan.