BILBO 14 (EUROPA PRESS)
Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Botoi ikerketa taldeak kale espazioaren ezaugarriek hizkuntzen erabilerarekin duten lotura aztertu dute 2023an abiarazitako 'Hirigintzaren eragina euskararenm kale-erabileran' izeneko azterketan, eta, besteak beste, ondorioztatu dute euskararen erabilerarako baldintzak hobetu edo okertu egiten direla hirigintza ereduaren arabera.
Ikerketaren egileen arabera, espazio publikoaren antolamendua "ez da neutroa", eta herritarren eguneroko bizitza, harremanak eta hizkuntza praktikak baldintza ditzake. Horregatik, ikerketan nabarmendu da euskararen erabilera sustatu nahi bada, hizkuntza politikekin batera hirigintza-politikak ere erdigunean jartzea garrantzitsua dela.
Ikerketak, beraz, erakutsi du udalerri baten izaeran euskarak balio sinboliko eta identitarioa duenean, "hirigintza eredu zaintzaileak" euskararen erabilera sustatzeko joera izan dezakeela eta bide horretan sakontzea proposatzen duela.
Ikerketaren arabera, auzo bateko kale erabilera ez dator beti bat bertako bizilagunen ezaugarri soziolinguistikoekin, besteak beste, hirigintza erabakiek auzoen arteko fluxuak eragiten dituztelako. Zerbitzu eta ekipamenduen kokapenak, adibidez, zuzenean baldintzatzen du kalean nor dabilen eta zer hizkuntza entzuten den. Hezkuntza eta kirol ekipamenduen inguruan euskararen erabilera handiagoa antzeman da eta, aitzitik, osasun eta administrazio ekipamenduek erdaren presentzia handitzeko joera izan dezaketela.
Era berean, azterlanak erakutsi du haurren presentziak euskararen erabilera handitzen duela. "Horregatik, mesede egiten dio euskararen erabilerari haurrentzako espazioak sustatzen dituen hirigintza zaintzaileak", nabarmendu dute.
Gainera, ikerlanaren arabera, hirigintzak gertuko topaketak auzoan gertatzea errazten duenean, euskarak presentzia handiagoa hartzen du, hiztun ezagunen arteko harremanetan segurtasun linguistiko handiagoa eta estres linguistiko txikiagoa dagoelako. Horregatik, merkataritza eta ostalaritza establezimenduei dagokienez, hurbilekoak diren eta herri izaera zaintzen dutenetan euskara gehiago entzuten da; izaera globalagoa dutenetan, berriz, erdarak nagusitzen dira.
Esku hartzeari begirako ondorio nagusietako bat da hiri zaintzaileak "zentro bakarreko eredua" gainditu behar duela, auzoen arteko sare orekatua sortuz, oinezkotasunari eta espazio publikoari garrantzia emanez eta haurren jolas eremuak tokiko komertzio txikiarekin lotuz. "Azken batean, horrek, hirigintza zaintzailea sustatzea ez ezik, hizkuntza gutxituaren mesedetan eraikitako hiria ere ekar dezake", gaineratu dute.
METODOLOGIA BERRITZAILEA
Soziolinguistika Klusterraren eta EHUko Botoi ikerketa taldearen ikerketa 15.000 eta 25.000 biztanle arteko bost udalerri ertainetan egin da 2023tik; denetan hizkuntzen erabileraren kale neurketetan jasotako datu multzo esanguratsua zegoen eskuragarri eta udalak ikerketan parte hartzeko interesa erakutsi du. Lan berritzailea da, diziplinarteko ikuspegia izan duelako eta metodologia berria sortu delako hirigintza eta soziolinguistika uztartuz.
Horrela, lehenik eta behin, datuen bilduma egin da hainbat iturritatik -udalak, Eustat eta Soziolinguistika Klusterra-, informazio sendoa bermatzeko; ondoren, herritarren bizipenen mapeoa landu da, eguneroko esperientziak azterketan txertatzeko; jarraian, udalerrien planoetan kokatu dira eskuratu ahal izan diren hirigintza, demografia eta soziolinguistikako hamarnaka adierazle, ikuspegi integratua osatzeko.
Horren gainean azterketa eredua diseinatu da auzo bakoitza deskribatzeko adierazle multzo konplexuak erabiliz: 'Auzoan Egoteko Aukera', 'Auzoan Eguneroko Bizitza Egiteko Aukera', 'Auzoko Euskararen Kale Erabilera', 'Auzo Izaera', 'Auzotik Pasatzeko Aukera', 'Pertsonekin Auzoan Topatzeko Aukera'.
Behin oinarri hori finkatuta, azterketa estatistikoa egin da adierazleen arteko harremanak sakonago ulertzeko eta, azkenik, bildutako informazio guztiaren gaineko hausnarketa eta interpretazio ariketa kolektiboa burutu da, arkitekturaren eta soziolinguistikaren arloko adituek osatutako lantaldean.
Bost udalerrietako auzoen informazioa alderatu eta aztertuta ondorio orokorrak atera dira. Ikerketak lan ildo berri baten oinarriak ezarri ditu; izan ere, interesgarria litzateke segida ematea ikusitakoa beste testuinguru batzuetan berresten ote den ikertuz, edota metodologia beste ezaugarri batzuetako udalerrietara egokituz.