Euskarari eta euskal kulturari tartea eskainiko dio aurten ere Eñe jaialdiak Madrilen

Archivo - Miren Agur Meabe.
ARRIAGA ANTZOKIA - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 13 noviembre 2025 12:14

BILBO 13 (EUROPA PRESS)

Euskara eta euskal kulturan sakonduko du aurten ere Madrilen ospatzen den Eñe jaialdiak, eta Uxue Alberdi, Miren Agur Meabe, Miren Iza (Tulsa), Telmo Irureta, Jose Mari Goenaga, Itxaro Borda, Sara Fantova eta Beñat Sarasola sortzaileek literatura, zinema eta musika uztartuko dituzte larunbatean, azaroaren 15ean.

Etxepare Euskal Institutuak sustaturik, Katixa Agirre idazle gasteiztarrak ondu du programazioa, eta euskal sorkuntza garaikideko ahots nabarmenetariko zenbait "plazer garaikideen inguruan jarriko ditu solasean".

Izan ere, Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez, 'Plazera, aldarri iraultzaile bat' lelopean, Eñe jaialdiaren programazioak gozamena eta askatasuna literaturatik, norbere identitatetik eta esperimentazio artistikotik hausnartzeko aukera eskainiko du, "lurraldearen kultur bizitasunaren isla diren belaunaldien eta diziplinen arteko elkarrizketa sorta txirikordatuz".

Horrela, desiraren eta sorkuntzaren ñabarduretan sakonduko duten hiru hizketaldi izango dira larunbatean Madrilgo Arte Ederren Zirkuluko dantza aretoan, "belaunaldi eta sorkuntza diziplina ezberdinen arteko ahotsak aurrez aurre jarrita".

Euskal literaturaren leihoa 11:30ean hasiko da, "millenial plazeraren" inguruko solasaldia tarteko. Bertan, Sara Fantova zinema zuzendariak, Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak eta Beñat Sarasola idazle eta poetak hartuko dute parte. Ezegonkortasun egoeretan gozatzen ikasi duen belaunaldiaz eztabaidatuko dute, ironia, samurtasuna eta errebeldia hiruak helduleku izango dituztelarik.

Ondoren, 13:30ean, 'El placer de la melancolía' ('Melankoliaren plazera') solasaldiak Miren Iza (Tulsa) musikaria eta Espainiako Poesia Sariaren irabazle Miren Agur Meabe idazlea batuko ditu, eta beren hizketaldiak tristeziari helduko dio, plazerak dituen efektu sentsorial eta sortzaileak abiapuntu hartuta.

Azkenik, 17:45ean, Telmo Irureta aktoreak, Jose Mari Goenaga zinema zuzendariak eta Itxaro Borda eleberrigile eta poetak pantailetan eta literaturan queer plazeren inguruko hizketaldiari ekingo diote. Hiru sortzaileok ere, desira, askapena, eta ezberdintasuna hartuko dituzte mintzagai sorkuntza eta erresistentzia eremu oparo gisa.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado