GASTEIZ 16 (EUROPA PRESS)
Arabako Foru Aldundiak eta lurraldeko hainbat erakunde eta entitatek jarduera egitaraua antolatu du elkarlanean urtero abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, eta, 'Euskaraz sortu, euskaraz bizi!' lelopean, ospakizuna egun horretatik harago zabalduko dute, "euskarari ikusgarritasuna emateko eta Arabako gizarteko hainbat esparrutan haren erabilera sustatzeko" hamar bat ekimenen bidez.
Foru erakundetik jakinarazi dutenez, urrian hasi eta abendura arte luzatuko diren jardueren artean, familientzako, hezkuntzarekin lotutako eta aisialdiko proposamenak daude, baita enpresa eta unibertsitate arloekin lotutako topaketak ere. Guztiek helburu bera dute: euskara erabiltzeko aukerak sortzea eta eguneroko harremanetan haren presentzia sustatzea, eskolatik eta kiroletik hasi eta lan mundura edo aisialdira arte.
Egitarauak arreta berezia eskainiko die haurrei eta gazteei, baina baita lan munduari, elkarte sareari eta familiei ere. Horretarako, jarduerak Gasteizen zein lurraldeko hainbat eskualdetan egingo dira.
Iñaki Gurtubai Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatuak adierazi duenez, "Euskararen Eguna aukera egokia da gure hizkuntzari balioa emateko eta eguneroko bizitzan erabiltzeak duen garrantzia gogorarazteko. Egitarauak askotariko jarduerak biltzen ditu, adin guztietako herritarrei zuzenduta, eta hainbat esparrutako ekimenen bidez euskarara hurbiltzeko aukera eskaintzen dute".
Egitarauko lehen ekimenetako bat 'Kantari Araban' izan da, aurten Arabako hainbat eskualdetara zabaldu dena. Urte luzez Gasteizen egin den proiektua Arabako Mendialdera, Añanara eta Arabako Errioxara iritsi da aurten, 7 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzendutako hiru emanaldiren bidez.
Lehenengoa urriaren 24an egin zen Kanpezun, Arabako Mendialdeko eta Trebiñuko haurren parte hartzearekin; bigarrena azaroaren 7an egin zen Langraiz Okan, eta hirugarrena azaroaren 14an Oionen, Arabako Errioxako haurrekin.
Musikaren eta dantzaren bidez, ekimenak euskarazko abestiak interpretatzeko, koreografiak prestatzeko eta familiek ere parte hartzen duten esperientzia kolektibo bat bizitzeko aukera eskaini die haurrei. Lehiarik gabeko jarduera da, eta gozamena, kultur transmisioa eta eskola eremutik kanpoko euskararen erabilera uztartzen ditu.
Bestalde, joan den azaroaren 12an, Lazarraga sarien banaketa ekitaldia egin zen Artium Museoan. Arabako Foru Aldundiak eta Bai Euskarari Elkarteak antolatutako sari horiek bederatzigarren edizioa bete dute aurten, eta Araba eta Trebiñuko enpresa, establezimendu eta entitateek euskara eguneroko jardueran txertatzeko egiten duten ahalegina aitortu dute.
KIROLA
Kirolak ere leku nabarmena izango du egitarauan. Horrela, ostegunean, azaroaren 19an, 'Marka eta Erronka Kirolean' topaketa egingo da Gasteizko Europa Jauregia, eta eskola kirolak haur eta gazteen hizkuntza ohiturak eskuratzeko eta sendotzeko duen garrantzia izango du ardatz nagusi aurten.
Jardunaldian, kirol arloko profesionalak, klubetako eta federazioetako ordezkariak, teknikariak, entrenatzaileak eta kirol jarduerarekin lotutako beste hainbat eragile bilduko dira, eta esperientziak partekatzeko, arlo horretan euskarak duen egoera aztertzeko eta entrenamenduetan, lehiaketetan zein kirolarien arteko harremanetan euskararen erabilera handitzeko aukerak identifikatzeko balioko du.
Halaber, familientzako aisialdi eskaintzaren baitan, Gure Zirkua euskarazko lehen zirku ibiltaria Gasteizera itzuliko da azaroaren 20tik abenduaren 12ra bitarte 15 emanaldi eskaintzeko. Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren laguntza duen ekimenak akrobaziak, umorea, musika eta zirkuko beste hainbat diziplina uztartzen dituen ikuskizuna eskainiko die familiei, euskara protagonista izanik.
Iker Galartza aktoreak 2017an sortutako Gure Zirkua euskarak familien aisialdian ere eskaintzen dituen aukerak erakusten dituen proposamen gisa sendotu da. Sarrerak www.gurezirkua.eus webgunearen bidez eskura daitezke.
LITERATURA
Bestalde, 'Euskaraz sortu, euskaraz bizi!' egitarauak euskal literaturari, bere historiari eta herritarrengana hurbiltzeko modu berriei ere eskainiko die tartea. Azaroaren 24an, Euskaltzaindiarekin lotutako jarduera baten barruan, Gidor Bilbaok 'Lazarraga, XVI. mendeko euskal sortzailea, XXI. mendean irakurri eta gozatzeko' hitzaldia eskainiko du.
Ekimenak Joan Perez Lazarragaren figura ezagutzeko aukera emango du. Lazarraga Arabako euskal literaturaren erreferente historikoetako bat da, eta jarduerak haren ondare kulturala eta linguistikoa hobeto ezagutzeko balioko du.
Egun bat geroago, azaroaren 25ean, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gasteizko campusak 'Etxepare Rap' hartuko du, Imanol Epeldek sustatutako proposamena, euskal literatura eta musika garaikidea uztartuko dituena. Raparen bidez, ekimenak euskal literaturako hainbat egileren testuak berreskuratu eta publikoari hurbiltzen dizkio, gaur egungo musika hizkuntza erabiliz. Jarduera bereziki gazteei zuzenduta dago, eta euskal literatura adierazpen artistiko berrien bidez ezagutzeko aukera eskaintzen du.
Unibertsitateak berriz ere protagonismoa izango du azaroaren 30ean, Letren Fakultateak Euskararen Biziberritzea Araban (EBA) egitasmoaren aurkezpena hartuko baitu. Proiektua Arabako Foru Aldundiaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzaren bidez garatu da, eta azken sei hamarkadetan Araban euskararen biziberritzeak izan duen bilakaera jaso eta dokumentatzen du, lekukotasunen, material historikoen eta lurraldeko bilakaera soziolinguistikoari buruzko datuen bidez.
Unibertsitatean egingo den aurkezpenarekin, lana komunitate akademikoarekin eta belaunaldi berriekin partekatu ahal izango da, eta Araban euskararen presentziak eta erabilerak izan duten bilakaera ezagutzeko aukera eskainiko da.
EUSKARARE EGUNA
Egitarauaren egun nagusia abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna, hain zuzen ere, eta Eusko Jaurlaritzak Gasteizen antolatutako ekitaldi instituzionaletan parte hartuko du Arabako Foru Aldundiak.
Foru erakundeak komunikazio ekimen batekin osatuko ditu ospakizunak, 'Euskaraz sortu, euskaraz bizi!' leloaren mezua herritarrei helarazteko eta euskarak komunikaziorako, sorkuntzarako eta elkarbizitzarako hizkuntza gisa duen garrantzia gogorarazteko.
Egitarauak askotariko jarduerak eta publiko desberdinentzako proposamenak bilduko ditu, helburu komun batekin, "eguneroko bizitzako hainbat esparrutan euskara ezagutzea, erabiltzea eta gozatzea sustatzea", alegia.