BILBO 26 (EUROPA PRESS)
Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak Euskarazko Doktorego Tesien IX. Koldo Mitxelena Sariak banatzeko ekitaldia egingo dute datorren astelehenean, azaroaren 30ean, Bilboko Bizkaia Aretoan.
Sarien sustatzaileek jakinarazi dutenez, euskarazko ikerketa bultzatzeko eta sustatzeko asmoz, EHUk eta Euskaltzaindiak urtero antolatzen dituzte elkarlanean Euskarazko Doktorego Tesien Koldo Mitxelena Sariak. Aurtengo edizioa bederatzigarrena da eta lehenengo aldiz euskarazko tesi guztietara zabaldu da deialdia.
Horrela, EHUkoak ez ezik (54), Deustuko Unibertsitateko (1), Nafarroako Unibertsitate Publikoko (1) eta Nafarroako Unibertsitateko (1) tesiak ere jaso dira. Euskal Herriko, Espainiar Estatuko eta nazioarteko 18 unibertsitatetako adituren zuzendaritzapean idatzi dira tesi horiek.
Guztira 57 tesi aurkeztu dira sarietara: Artea eta Giza Zientziak arloan 15, Ingeniaritza eta Arkitekturan 4, Zientzietan 10, Osasun Zientzietan 11 eta Gizarte eta Lege Zientzietan 17.
Mitxelena sariak orain dela 16 urte eman ziren lehen aldiz, eta euskarazko doktorego tesiak sustatzeko helburuarekin sortu ziren. Sariek, euskarazko zientzia bultzatzeaz gain, ikertzaile gazteen lana aitortzen dute eta prestigioa ematen diote euskarari, maila goreneko aitortza eginez.
Datorren asteleheneko sari banaketa ekitaldia 10:00etan hasiko da eta Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak parte hartuko dute.