BILBO, 18 (EUROPA PRESS)
Bilboko Bidebarrieta Kulturguneak "Eztabaidak literaturarekin" proposamenarekin darrai, eta astearte honetan, maiatzaren 19an, Laura Mintegi eta Iban Zaldua idazleen solasaldia antolatu du. Euskaraz idatzitako literaturak dituen erronkei buruz hitz egingo dute biek, 19:30etik aurrera -sarrera librea, Pili Kaltzada kazetariak moderatuko duen saioan.
Antolakuntzak jakinarazi duenez, "Erronkak Euskal Literaturan" izenburupean, bi idazleek egungo eszenatokiari buruz dituzten ideiak azalduko dituzte, eta euskaraz idatzitako sorkuntza lanen etorkizuna aztertuko dute. Horrela, euskaraz idatzitako literatura "erabat garatuta eta osasun onez egongo den eszenatokira heltzeko egin beharreko bideari buruzko gogoeta ere egingo dute".
Laura Mintegi (Lizarra, 1955) 20 urte inguru zituenean hasi zen idazten Bilbon. Hiri horretan ezarri zuen bizilekua eta bertan aurkitu zituen literaturaren munduko erreferentzia nagusiak. Euskara eta Literatura irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) 1981etik, 'Anaitasuna' aldizkarian aritu zen, eta 'Ttua-ttua' literatur aldizkaria sortu zuen.
1983an "Ilusioaren ordaina" ipuin bilduma argitaratu zuen. 1985eko Resurrección María Azkue saria irabazi zuen "Bai... baina ez" eleberria argitaratu zuen 1986an, eta horren ondoren, "Legez kanpo" eta "Nerea eta biok" etorri ziren. 2001ean "Sisifo maite minez" eleberria argitaratu zuen.
Iban Zalduari dagokionez (Donostia, 1966), Historia ikasi zuen EHUn, eta une honetan Ekonomiaren Historiako irakaslea da. Bere lanetan ipuina, eleberria eta kritika landu ditu, baina beste ezeren gainetik, gehien atsegin duen generoa ipuina da. 1990eko hamarkadaren amaieratik Zalduak lan zabala eta esanguratsua egin du, euskaraz zein gaztelaniaz idatziz, ipuinak batez ere.
Kontakizun laburren atalean euskal letrek gaur egun duten egile garrantzitsuenetakoa da. Bere bildumek egungo narraziogintza laburraren elementu esanguratsuenak biltzen dituzte eta, horrez gain, generoaren defendatzaile eta bultzatzaile handia da.
"EZTABAIDAK LITERATURAREKIN"
Bidebarrieta Kulturguneak 2007ko urtarrilean "Eztabaidak literaturarekin" egitaraua martxan jarri zuenetik, 240 egile inguruk hartu dute parte eta 8.000 pertsona baino gehiago bertaratu dira. Denbora tarte horretan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak hainbat idazle bikoteren arteko elkarrizketak eskaini ditu.
Horrela, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte igaro dira liburutegi bilbotarretik, besteak beste.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena idazleengana hurbiltzeko modu berria da, jende aurreko elkarrizketaren edo eztabaidaren bitartez, aurretik proposatutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literaturarekin elkartzeko topalekua eskaintzea da, bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste), edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, egileen eskutik.