Euskarazko zinemaren historia biltzen duen liburua idatzi du Josu Martinezek

Josu Martinez
UEU
Actualizado: martes, 29 marzo 2022 13:26

DONOSTIA, 29 (EUROPA PRESS)

Eibarko Udalak eta Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) lankidetzan ematen duten Juan San Martin beka irabazi zuen Josu Martinez Martinezek 2019an, eta horren emaitza da UEUrekin argitaratu duen 'Irudiz eta euskaraz. Gure hizkuntzaren zinema. Gure zinemaren hizkuntza' liburua, euskaraz egindako zinemaren historia biltzen duena, hain zuzen ere.

Irudiz eta euskaraz egin izan denaren "kartografia zirriborro bat" egin nahi izan du egileak, eta, akademiara begira baino, euskaldungo zabalari begira idatzi du liburua. Gizarte eta Kultur Antropologian lizentziaduna eta Ikus-entzunezko Komunikazioan doktorea da Martinez EHUn, UEUko iturriek jakinarazi dutenez.

Gaurdaino ez da idatzi euskarazko zinemaren historiarik, eta lan honek hutsune hori bete nahi du, egilearen esanetan. Horretarako, Martinez irudiz eta euskaraz egindako zinemaz okupatu da liburuan. Bere esanetan, filmak irudiz eta euskaraz jarraikortasunez egiten, 2005ean hasi ziren. Geroztik, urtero bi film inguru plazaratu dira, eta, beraz, euskal zinematografia bat, nolabait esateko, ordutik baizik ez da existitzen.

"Horrek ez du esan nahi lehenago ez denik ezer egin, ez denik ezer saiatu eta ez denik ezer amestu. Liburu honetan, horra arteko bideaz okupatzen naiz, batez ere, eta 2005etik gaur arteko tarte hori, azken kapituluan jorratzen dut, epilogo gisa. Hau bi arrazoirengatik: batetik, orainaldiaz historia egitea, bizirik dagoen errealitate bat gatibatzea litzatekeelako, mugimenduan den irudi bat izoztea; eta, bestetik, neu ere ikerketa objektu nintzatekeelako errealitate horretan, hainbat film zuzendu ditudan neurrian. Ez nuen parte eta epaile bilakatu nahi", azaldu du.

KARTOGRAFIA

Zinemak euskararekin izandako harremanak aztertzen ditu liburuak, eta horretarako, XX. mendea zeharkatzen duen ibilbide bat marraztuz, irudiz eta euskaraz sortutako lanen historia kartografiatzen du. Film eta egile ezezagun ugari, garai ezberdinetako intelektualen diskurtso, bizipen eta oihartzunak, eta hainbat istorio bitxi, triste eta harrigarri biltzen dira.

Estilo bizi, zorrotz eta dibertigarriaz jorratua, akademiarako ez ezik, publiko zabalarentzat ere interesgarri den lana da. Martinezen arabera, "esango nuke gure zinemaren pelikula hau pentsa genezakeena baino dibertigarriagoa, paradoxikoagoa, eta tarteka tristeagoa dela azkenean, baina 'Happy End' batekin".

Martinezentzat, euskal zinemaren etorkizuna euskararen biziraupenarekin lotuta dago: "Ez dut ezer berririk esaten, esaten badut, euskaldun bizitzen segitu nahi badugu, ikus-entzunezko mundua euskaraz behar dugula. Are gehiago, datozen urteetako borroka handienetakoa horixe izango dela, eta hor jokatuko dela hizkuntzaren biziraupena neurri batean".

"Azkenaldian, kontsumo ohiturak aldatu dira, balantza izugarri desorekatu da gure kontra eta ematen du jende gero eta gehiago hasia dela ohartzen urgentziaz. Erronkaren tamaina alimalea da, eta oraingoan ezin dugu itxaron ehun urte gauzak fundamentuz egiten hasteko", adierazi du.