Euskotrenek %50eko deskontuari eutsiko dio urtea bukatu arte

Archivo - Tranbia Gasteizen.
EUSKOTREN - Archivo
Actualizado: jueves, 1 junio 2023 11:27

BILBO, 1 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskotren sozietate publikoak abenduaren 31ra arte jarraituko du %50eko deskontua aplikatzen tren, tranbia eta funikular zerbitzuetan.

Hala, garraio arloan eskumena duten gainerako erakundeekin koordinatuta, Jaurlaritzak familien egoera ekonomikoa arintzeko lehentasunezko helburuetako bati eutsiko dio. Aldi berean, garraio publikoaren bidez mugikortasuna sustatuko du, eta ez ibilgailu pribatua erabiltzea, CO2ren emisioak murrizten lagunduz.

Ildo horretan, Euskotrenek jakinarazi duenez, tren eta tranbia zerbitzuen erabiltzaileen eskaerak %24,64ko hazkundea izan du urtarriletik apirilera bitarte: aurreko urteko aldi berean 10.408.936 bidaia egin ziren, eta aurten 12.974.376.

Tarifen aldi baterako hobaria 2022ko irailaren 1etik aplikatzen da, orduan sartu baitzen indarrean neurria, eta Euskotrenen bost trenbide lineei (E1, E2, E3, E4 eta E5), metroaren 3. lineari Bilbon, Bilboko eta Gasteizko tranbiei eta Larreinetako funikularrari eragiten die.

Deskontua automatikoki aplikatzen da, Barik, Bat eta Mugi kontakturik gabeko txartelen bidez, eta, txartelik gabe eskuratzen diren arren, Larreinetako funikularraren hileko bonuak eta Kukullagako igogailuaren 10 Bonuak ere jasotzen dute. Deskontua ezin zaie aplikatu paperean eskuratzen diren joaneko txartelei edo joan-etorrikoei. Era berean, ez dute hobaria jasoko EAEtik kanpoko garraio entitateekin adostutako bonuek (Passbask, Euskopass, Txik-txak, Tranbus, Bortziri).

Era berean, EAEn garraio publikoen operadore guztiei hobarien aplikazioan laguntzeko indarrean duen %10eko laguntza ekonomikoa zabaldu nahi du Garraio Sailak. Horrela, Ogasun Sailarekin elkarrizketan dihardu, laguntza hori 2023ko amaiera arte aplikatu ahal izateko.