Garagarra klima-aldaketari egokitzen zaiola ondorioztatu du EHUko biologo batek bere tesian

Garagarra klima-aldaketari egokitzen zaio
EHU
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 25 enero 2012 11:40

BILBO 25 Ene. (EUROPA PRESS) -

Anabel Robredo Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) biologoak garagarra klima-aldaketari egokitzen zaiola ondorioztatu du bere tesian. Izan ere, Robredoren lanaren arabera, CO2ren kontzentrazioa gora egiten ari da eta, hala, baliteke garagarrak "hobeto aurre egitea etorkizuneko lehorteei".

Klima-aldaketaren ezaugarri nagusietako bat da lehorte-aldien gaiztotzea, eta laboreei nabarmen eragiten die horrek. Hala ere, EHUko biologoak egiaztatu duenez, garagarrari dagokionez bederen, klima-aldaketak berak ematen dizkio ur faltari aurre egiteko mekanismoak.

Izan ere, fenomeno horrek CO2ren kontzentrazioaren gorakada ere ekarri du, eta gas horrek, paradoxikoki, lehortearen efektuak arintzeko balio dezaketen ezaugarriz hornitzen ditu aipatutako landareak.

Ikertzailearen tesiak izenburu hau du: "Mecanismos fisiológicos de respuesta de la cebada al impacto de la sequía y el elevado CO2: adaptación al cambio climático" (Garagarraren fisiologia-mekanismoak lehortearen inpaktuaren eta CO2 maila handiaren aurrean: klima-aldaketari egokitzea). Nazioarteko zenbait argitalpenetan ere azaldu da ikerketa Robredok; 'Environmental and Experimental Botany' izan da azkena.

CO2tan aberastearen eta lehortearen (klima-aldaketak dakartzan ondorio nagusietako bi) arteko konbinazioak garagarrari nola eragiten dion aztertu du Robredok. Ikertzaileak dioenez, "gas honen atmosferako kontzentrazioak nabarmen egin du gora azken hamarkadotan, eta badirudi askoz ere gehiago handituko dela. Horrenbestez, erkaketa egin dugu gaur egungo CO2ren kontzentrazioaren pean hazten diren garagar-landareen eta hori halako bi duten laboreen artean, mende hau bukatzerako kantitate horretan ibiliko garela aurreikusten baita".

Lehortea mailaz maila ezarrita egin da azterketa. Gainera, ur faltaren ondoren landareek duten osatzeko ahalmena zenbaterainokoa den ere zehaztu da, gaur egungo ohiko CO2ren kontzentrazioarekin zein etorkizunerako aurreikusitakoarekin.

URAREN ERABILERA

Landareez oro har ari garela, CO2ren kontzentrazio handiak zer ondorio duen jakina zen lehendik ere. Hala erakusten du Robredok baliatutako erreferentziazko bibliografiak: besteak beste, biomasa areagotzen da, sustraiak eta hostoen azalera osoa handitzen da, eta fotosintesiaren tasa garbia zein uraren erabileraren eraginkortasuna aldatzen dira.

Estomen konduktantzia deritzona da gakoetako bat, ikertzaileak azaldu duenez: "Landareek hostoetan dituzten zulotxo batzuk dira estomak, eta horien bitartez egiten dute uraren eta airearen arteko trukea. Landare bat CO2ren kontzentrazio handiaren pean dagoenean, estomak ixten ditu neurri batean. Hala, ur gutxiago galtzen da, eta, hortaz, modu eraginkorragoan erabiltzen du".

Horrenbestez, badirudi CO2ren kontzentrazio handiagoa izateak abantaila ematen diela landareei lehorte-aldiei aurre egiteko. "Ura polikiago baliatzen badute, modu eraginkorragoan erabiltzen dute, eta luzeago haz daitezke", azaldu du Robredok.

Hala egiaztatu du, behintzat, garagarraren kasuan. Emaitzek erakusten dutenez, lehorteak kaltegarriak badira ere, garagarraren gain duten efektua txikiagoa da CO2ren kontzentrazio handiarekin batera gertatzen badira. Gas hau gaur egungo ohiko neurrian agertzen den kasuekin alderatuta, kontzentrazio handiagoa izanez gero, hostoen eta lurzoruaren eduki hidrikoa gutxiago murrizten da, fotosintesi-tasek luzeago eusten diote, hazkundea handiagoa da, eta nitrogenoaren eta karbonoaren bereganatze-prozesua ez da hainbeste kaltetzen.

Hain zuzen ere, ikertzaileak dio garrantzitsua dela nitrogenoaren eta karbonoaren arteko orekari eustea: "Nola karbonoaren hartzeak hala nitrogenoaren bereganatzeak modu orekatuan egin dute gora".

Bestalde, lehortearen pean dauden garagar-landareak berriz ureztatzeari ekiten zaionean, laboreak azkarrago lehengoratzen dira CO2ren kontzentrazio handiarekin, aztertutako parametro gehienetan.

Beraz, etorkizunerako aurreikusita dauden CO2ko baldintzetan, klima-aldaketaren ondorioz sortzen den lehorteak eragindako kalteak atzeratuko lirateke; bai, bederen, gas honen gaur egungo kontzentrazioarekin erkatuz gero. Garagarraren kasuan gertatuko litzateke hori, baina emaitza hauek beste labore batzuetara estrapolatzea ez dela hain erraza dio ikertzaileak.

"Kontu handia izan behar dugu, askotariko landare-espezieek oso desberdin erreakzionatzen dutelako batzuetan; kontrako bidetik ere bai, zenbaitetan. Baina bada ziur esan dezakegun zerbait: espezie begetal gehienek uraren erabilera eraginkorragoa egiten dute CO2-kontzentrazio handia eta lehortea dagoenean eta, orobat, gehiago hazten dira", azaldu du.

EGILEA

Anabel Robredo Ruiz de Azua (Bilbo, 1976) Biologia Zientzietan lizentziaduna da. Alberto Muñoz Rueda (Landareen Fisiologiako katedraduna) eta Amaia Mena Petite (irakasle agregatua) doktoreen zuzendaritzapean idatzi du tesia; UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko kideak dira biak.

Gaur egun, kontratatutako doktore-tituludun ikertzailea da Anabel Robredo, sail eta fakultate horretako bertako Landareen Fisiologiako laborategian.

Contenido patrocinado