GASTEIZ, 7 (EUROPA PRESS)
Garaio hondartzak eta Landako bi hondartzek hamargarren urtez jarraian berritu dute ur kontinentaletarako bandera urdinaren bereizgarria udaldirako eta bainu denboraldirako, Arabako Foru Aldunditik jakinarazi dutenez.
Hain zuzen ere, Ingurumen Hezkuntzarako Europako Fundazioak eman die bereizgarria Arabako hondartzei, "uren kalitateagatik, garbitasunagatik, irisgarritasunagatik eta zerbitzuen kalitateagatik eta informazioagatik".
Horrela, bandera urdina izango duten hondartza eta portuen zerrendan daude Garaio eta Landako Salurriaga eta Moskurio hondartzak, eta ziurtagiria ondoz ondoko hamar urtez lortu izana ospatzeko, ekitaldi berezia egingo da bandera urdina altxatzen den egunean, bainu denboraldiaren hasieran.
Bainu denboraldia ekainaren 14an hasi eta abuztuaren 31n amaituko da. Arabako hondartza kontinentaletan 186.720 bisitari izan ziren guztira joan den urteko bainu denboraldian.
Bandera urdina hondartzei ematen zaie Europako 20tik gora herrialdetan, eta jaso ahal izateko, uraren kalitateari, segurtasunari, zerbitzu orokorrak emateari eta ingurumenaren antolamenduari buruzko arauak bete behar dira.