Gasteizko alkateak proposatu du hiriko Urrezko Domina Arabako Merkataritza Ganberari ematea

Europa Press País Vasco
Publicado: viernes, 18 julio 2025 14:39

GASTEIZ 18 Jul. (EUROPA PRESS) -

Maider Etxebarria Gasteizko alkateak hiriaren Urrezko Domina Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuen Ganberari ematea proposatuko dio datorren asteazkenean Udal Bozeramaileen Batzordeari. Erakundeak ehun urtetik gorako ibilbidea du, eta lurraldeko enpresak informatzeko, prestatzeko eta sustatzeko zerbitzu, ekintza eta jarduera ugari eskaintzen du.

Etxebarriaren hitzetan, ganberak aitortza merezi du "profesionaltasunez eta pasioz sustatzen duelako Gasteizko eta Arabako enpresen hazkundea". "Horrekin lotuta, zeharkako ikuspegia du eta, bertan, nazioartekotzeak, berrikuntzak eta ekintzailetzari laguntzeak berebiziko garrantzia dute", gaineratu du.

Gogorarazi duenez, Arabako Merkataritza Ganberak "munduan zehar hedatzen laguntzen die finkatutako enpresei, eta ekintzaileei babesa ematen die. Horrek guztiak gure lehiakortasuna indartzen du, eta ezegonkortasun globala bizi dugun garaiotan etorkizunari begiratzen laguntzen digu".

Erakundeak gertutik egiten du lan hainbat erakunde publikorekin eta funtsezko beste eragile batzuekin. Une honetan, Gasteizko Udalak hiru lankidetza hitzarmen ditu merkataritza erakundearekin, tokiko merkataritzaren nazioartekotzea, prestakuntza eta aitortza bultzatzeko.

Gainera, Arabako Aldundiarekin eta Jaurlaritzarekin batera, Forondako aireportua sustatzeko sozietatearen administrazio kontseiluko kideak dira udala zein merkataritza ganbera.

Gasteizko 2025eko Urrezko Domina Andre Maria Zuriaren egun handian banatuko da, abuztuaren 5ean, Gasteizko Udalak antolatuko duen harrera ofizialaren barruan. Iaz, aitorpena Terrorismoaren Biktimen Memorialari eman zitzaion.

Contenido patrocinado