GASTEIZ 1 Ago. (EUROPA PRESS) -
Euskotren sozietate publikoak indartze zerbitzuak eskainiko ditu Gasteizko tranbian datorren astean, astelehenetik larunbatera, abuztuaren 4tik 9ra, egunez zein gauez, Andre Mari Zuriaren haiak direla eta. Zerbitzuaren unean-uneko etenaldiak ere aurreikusi dira jaietako ekitaldi batzuk direla eta.
Euskotrenek jakinarazi duenez, astelehenean, jaiei hasiera ematen dien Zeledonen jaitsiera dela eta, ez da tranbiarik izango Antso Jakituna-Angulema tartean, ez egunez ez gauez. Etenaldiak astearte goizeko zerbitzua hasi bitartean iraungo du.
Era berean, zerbitzua indartuko da 16:00etatik 23:00etara bitartean, gutxi gorabehera. Abetxukuko eta Ibaiondoko adarretan hamar minutuan behin ibiliko da tranbia, eta Salburuko eta Unibertsitateko adarretan, berriz, 12 minutuan behin.
Asteartean eten egingo da Legebiltzarra-Angulema tarteko zerbitzua 12:00etatik hurrengo eguneko 06:15 arte. Gainera, tranbia zerbitzua indartuko da 12:00etatik 14:00etara: Abetxukuko eta Ibaiondoko adarretan hamar minutuan behin ibiliko da tranbia, eta Salburuko eta Unibertsitateko adarretan, berriz, 12 minutuan behin.
Halaber, asteazkenetik larunbatera bitartean ez da tranbia zerbitzurik izango Angulema eta Legebiltzarra artean 13:00etatik biharamuneko 06:15 arte.
Bestalde, Gasteizko tranbiak zerbitzua eskainiko du gauero astelehenetik larunbatera eta tranbiak izango dira 30 minutuan behin adar guztietan. Abuztuaren 9ko gaueko zerbitzua abuztuaren 10eko 04:30ean amaituko da.
Tranbiara igotzea errazteko, Euskotrenek gomendatu du Bat, Barik edo Mugi txartelak erabiltzea ordaintzeko. Orobat, tranbiaz ibiliko diren pertsonei gomendatu die kontsulta ditzatela ordutegiak aldez aurretik app ofizialean eta www.euskotren.eus webguneko bilatzailean. Informazio gehiago nahi izanez gero, erabiltzaileek 944 333 333 telefono zenbakia dute eskura.