GASTEIZ 4 Jun. (EUROPA PRESS) -
Gasteizko Udalak laguntzen lerro bat jarri du martxan nekazaritzako ekoizpenaren eta banaketaren sektorean enplegua sortzea sustatzeko, 270.000 euroko zuzkidurarekin. Udal gobernuaren eta EH Bildu taldearen arteko 2025eko aurrekontu akordioari esker gauzatu ahal izango da deialdia.
Maria Nanclares Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotziak eta Ekaitz Diaz de Garaio EH Bilduko zinegotziak aurkeztu dute laguntzen lerro berria asteazken honetan.
Nanclaresen hitzetan, "ekimen honen bidez, Gasteizko Udalak berretsi egiten du nekazaritza sektorearekin duen konpromisoa, pertsonen kontratazioa sustatuz eta garapen ekonomikorako funtsezkoak diren gure nekazaritza enpresak modernizatzeko balio duten inbertsioak diruz lagunduz".
Era berean, Diaz de Garaiok azaldu du "beharrezkoa" da lehen sektoreak Gasteizen duen zereginari balioa ematea, batez ere udalerriko landagunean. "Akordio horri esker, sektorean pertsona berriak sartzea bultzatuko da, eta lurrek labore balioari eustea bermatuko da. Gainera, proiektu agroekologikoak bultzatzeak ingurunea errespetatzen duten formulen alde egiteko balioko du", esan du.
Horrela, Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak 70.000 euro bideratuko ditu hiriko nekazaritza lursailen egoerari buruzko aurretiazko diagnostikoa egiteko, 140.000 euro tokiko nekazaritza ekologikoaren sektorean enplegua sustatzeko, eta 60.000 euro programa kudeatuko duen pertsona bat kontratatzeko.
Gasteizko Udalak pertsonen kontratazioa lagunduko du gutxienez hiru hilabetez nekazaritzako jarduerak egiten dituzten Gasteizko lantokietan. 2024ko irailaren 1etik 2025eko abenduaren 15era bitartean egiten diren kontratuek jaso ahal izango dute diru laguntza.
Lehentasuna izango dute beren jarduera eredu ekologikoarekin gauzatzen duten enpresek, eta enpresa bakoitzak gehienez ere hiru kontraturako diru laguntza jaso ahal izango du.
Halaber, Gasteizko beste hainbat jarduera lagunduko ditu diruz, hala nola makinen eta lurren erosketa, instalazioen gaikuntza, aholkularitza, ikerketa edo digitalizazio proiektuak ekoizpen ekologikoaren ereduaren arabera lan egiten duten enpresentzat, edo, halakorik ezean, eredu konbentzionalaren arabera lan egiten duten baina birmoldaketa ekologikoa hasi duten enpresentzat.
Itzuli beharrik gabeko eta lehia sinpleko araubideko diru laguntza horiek beste laguntza batzuekin bateragarriak izango dira. Eskaerak aurkezteko epea urriaren 1ean hasi eta abenduaren 15ean amaituko da, eta udal egoitza elektronikoaren bidez zein aurrez aurre egin ahal izango dira.