GASTEIZ 20 (EUROPA PRESS)
Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken Sailak Neguko Arreta Dispositiboa jarriko du martxan datorren astelehenean, azaroaren 23an, kalean edo leku desegokietan lo egiten duten eta etxerik gabeko egoeran dauden pertsonei zuzenduta. Negu honetan, baliabidea 116 egun egongo da abian, aurreko kanpainan baino 59 gehiago, "estaldura denbora nabarmen luzatuz eta pertsona zaurgarrienen premiei modu iraunkorrean erantzungo zaiela bermatuz".
Gasteizko Udaletikjakinarazi duenez, negu honetako berritasun nagusia da dispositiboak modu egonkorrean funtzionatuko duela ia lau hilabete, azaroaren 23ko gauetik martxoaren 19ko goizera arte, eta ez dela aktibatu eta desaktibatuko tenperaturaren edo eguraldi txarraren arabera.
Gizarte Politiken zinegotzi Lucho Royeroren hitzetan, "etxegabetasunaren errealitateak erantzun jarraitua, aurreratua eta baliabideduna eskatzen du. Dispositibo honek, etengabe eta denbora luzeagoan martxan egongo denez, negu osoan zehar presente egotea ahalbidetuko digu. Iaz baino bi aldiz egun gehiagoz egongo gara zabalik".
Dispositiboak gaua igarotzeko 62 plaza izango ditu, hiriko lau espaziotan banatuta: Arkupeetako egoitzan (Arquillos) 30 plaza, Zaramaga aterpean 20 plaza, Aterpean (Goiuri) sei eta Harrera Sozialerako Udal Zentroan sei. Iazko neguan baino lau plaza gutxiago dira, orduan 66 prestatu baitziren.
Aldi baterako dispositiboaren murrizketa horren arrazoia da irailaren 1ean gaueko harrera iraunkorreko 40 plaza ireki zirela Santa Isabel eskolaurreko ikastetxe zaharrean (Zaramaga Aterpea), eta beste 12 tutoretzapeko etxebizitza batean, guztiak kalean dauden pertsonentzat.
Orain, Zaramagako eraikinaren goiko solairuan neguko arreta dispositiborako 20 plaza berri gaitzeko ahalegina egin da, eta, beraz, duela hiru hilabete egokitutako gaueko harrerako plazekin batera eskainiko dira. Horrela, egoera zaurgarrian dauden pertsonentzako plaza kopurua nabarmen handitzea lortu da.
BEDERATZI PROFESIONAL
Neguko Arreta Dispositiboak, oro har, gizarteratzeko bederatzi profesional izango ditu kontratatuta, zerbitzuaren estaldura gauero bermatzeko, 22:00etatik 08:00etara, asteko zazpi egunetan. Langileen eginkizunak dira espazioak prestatzea eta egokitzea, erabiltzaileei harrera egitea eta sarbidea kontrolatzea, funtzionamendu arauen berri ematea, gaueko egonaldian zaintza lanak egitea, sor daitezkeen gatazketan bitartekaritza lanak egitea eta sortzen diren beharrei erantzutea.
Gainera, goizean, erabiltzaileei irteten lagunduko diete, gosaria banatuko dute eta, beharrezkoa denean, Udal Gizarte Zerbitzuetara edo Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzura bideratuko dituzte.
Gizarteratze Zerbitzua arduratzen da etxerik gabeko pertsonentzako harrera eta ostatu baliabide guztiak planifikatzeaz eta koordinatzeaz, eta, zehazki, Neguko Arreta Dispositiboa garatzeaz, Hurbil taldearen bidez.
Zinegotziak arreta horren garrantzia nabarmendu du: "Plaza horietako bakoitzak lo egiteko lekua baino askoz gehiago esan nahi du. Profesionalek harrera egiten diete pertsonei, lagundu egiten diete, zailtasunak sortzen direnean esku hartzen dute eta beste baliabide batzuetara iristeko eta gizarteratze ibilbidean egonkortasun handiagoko egoera batera aurrera egiteko orientazioa ematen diete. Iaz, neguko zerbitzu honetan 204 pertsona artatu ziren irizpide horien arabera", adierazi du.
Kalean gaua igarotzen duten pertsonen kopuruaren gorakadak eta bizi duten zaurgarritasun egoerak beharrezkoa egin dute Gasteizko Udalaren erantzuna indartzea. Astelehenean Neguko Arreta Dispositiboa martxan jartzearekin batera, Gasteizek neguko arreta dispositiboa luzatu eta sendotuko du, estaldura egun gehiago eskainiz eta hilabete hotzenetan ostatu eta gizarte arretako beharrei erantzuteko prestatutako egiturarekin.