Gasteizko Udalak zirkulazioa antolatuko du Presentación de María ikastetxearen inguruan segurtasuna hobetzeko

Gasteizko Udalak zirkulazioa antolatuko du Presentación de María ikastetxearen inguruan segurtasuna hobetzeko
GASTEIZKO UDALA
Europa Press País Vasco
Publicado: miércoles, 11 marzo 2026 17:24

GASTEIZ 11 Mar. (EUROPA PRESS) -

Gasteizko Udalak Presentación de María ikastetxearen inguruan jardungo du, Gurutze Zuriko kalean, bide segurtasuna hobetzeko eta trafikoa antolatzeko eskolako sarrerako eta irteerako ordutegietan. Esku hartzea toki horretan antzemandako ilara bikoitzekin eta pilaketekin lotuta dago, eta Eskola Ingurune Seguruen udal estrategiaren parte da.

Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailak Errota Zaharra auzo elkartearekin eta ikastetxeko hezkuntza komunitatearekin, zuzendaritzarekin eta guraso elkartearekin hitzartu du jarduketa aldez aurretik, eta tokian tokiko egoera aztertu eta ezarri beharreko irtenbideak adostu dituzte.

"Eskola ingurune seguruez ari garenean, honetaz ari gara, hain zuzen ere: auzoari entzuteaz, eskolekin lan egiteaz eta haurren eguneroko segurtasuna hobetuko duten irtenbide zehatzak jartzeaz", adierazi du Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak.

Bada, esku hartzearen bidez, Gurutze Zuriko kalean aparkaleku espres batzuk sortuko dira ikastetxearen ondoan dagoen espaloian. Ikastetxera sartzeko eta handik irteteko ordutegietan geldialdi laburrak egiteko plazak izango dira, eta bizilagunen eskura egongo dira irakastorduetatik kanpo, baita jaiegunetan eta oporraldietan ere.

Gainera, proiektuak semaforoaren aurrean dauden bi aparkaleku kentzea jasotzen du, oinezkoen eta gidarien ikuspena hobetzeko, bai eta semaforo zikloak egokitzea ere, eskola inguruan joan-etorri gehien izaten diren uneetan oinezkoak pasatzeko denbora handitzeko. Inguruan doikuntza txikiak egitea ere aurreikusi da, ikastetxerako sarbideak errazteko eta bidegurutzeetako segurtasuna hobetzeko.

"Esku hartze errazak dira, baina oso eraginkorrak, eta trafikoa antolatzen, eskolako sarreretan eta irteeretan sortzen diren tentsio egoerak murrizten eta, batez ere, ikasleen segurtasuna hobetzen laguntzen dutenak", gaineratu du zinegotziak.

Jarduketa hezkuntza komunitatearekin diseinatu eta adostu da, eta dagozkion aurrekontu sailak kargatu bezain laster gauzatuko da. Esku hartze berriarekin, Gasteizko Udalak dagoeneko hiriko 30 ikastetxe ingurutan egin ditu jarduketak Eskola Ingurune Seguruen estrategiaren barruan. Ekimen horren helburua da ikastetxeetako inguruneak eraldatzea, haurrentzat eta auzo osoarentzat seguruagoak, lasaiagoak eta atseginagoak izan daitezen.

Contador

Contenido patrocinado