GASTEIZ 9 Mar. (EUROPA PRESS) -
Koldo Mitxelena, Corazonistas, Ikasbidea, Ekialde, Lakua, Miguel de Unamuno, EPA El Carmen eta Zabalgana ikastetxeetako 33 ikasle talde aritu dira ikasturte honetan Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak gazteen partaidetza sustatzeko antolaturiko Hiretu Hiria programan. Guztira, 638 gazte dira, 308 emakume eta 330 gizon, eta egitasmoaren historiako ediziorik jendetsuena da.
Miren Fernandez de Landa Gasteizko Udaleko Gazteria zinegotzia programaren balantzea egiteko prentsa agerraldian adierazi duenez, parte hartze datuak "indartu egiten du gazteen parte hartzearen arloan lan gehiago eta hobea egiteko beharra".
Talde parte hartzaileen lan hizkuntzari dagokionean, 29 euskaraz ari dira eta lau gazteleraz. 17 talde DBHko 3. mailakoak dira, lau 4. DBHkoak, zazpi Batxillergoko lehen mailakoak eta hiru 2. mailakoak.
Parte hartzaileek bederatzi lan saio dinamizatu egin dituzte ikasgeletan, urria eta martxoa bitartean. Talde bakoitzak kezka sortzen dien gai bat aukeratu du, osasun mentala hautatuena izanik. Zehazki, 14 taldek egin dute lan gai horren inguruan. Hiru talde ingurumen gaietan oinarritu dira, 11 gizarte gaietan (arrazismoa, berdintasuna, boluntarioak, sare sozialak eta gazteentzako jarduerak) eta bost hiri gaietan (espazio publikoa, segurtasuna eta mugikortasuna). Gaiotan sakontze aldera, horri buruzko informazioa bilatu eta gai bakoitzeko adituen pertsonen bisita jaso da.
Oskar Fernandez Gasteizko Udaleko Gazteriako Zerbitzuburuak adierazi duenez, "proposamen bakoitzak bere aurkezpen gutuna du (flyerrak, kartelak, pankartak, kamera ezkutuko bideoak, abestiak, kaleko inkestak, sinadura bilketa), baita Hiretu Hiria bera ere, azken txanpan irudia estreinatu baitu."
Gazteen proposamen guztiak ostegun honetatik ikus daitezke proiektuaren Instagrameko profilean (@hiretu_hiria) eta udal webgunean, eta martxoaren 30era arte proiektu gogokoenaren alde bozkatu ahal izango da, sarean.
Martxoaren 31n Hiretu Hiria gala egingo da Europa jauregiko María de Maeztu auditoriumean, 17:30ean. Bertan, gazte, irakasle, senide eta lagunez gain, udal ordezkariek parte hartuko dute, tartean Gorka Urtaran alkatea, gazteen proposamenak zuzenean entzuteko. Galan zehar bigarren bozketa egingo da bertaratutakoen artean, eta boz guztiak kontuan hartuta proiektu irabazlea aurkeztuko da. Egileek asteburuko topaketa bat irabaziko dute. Bocabeats Comedia bikoteak girotuko du ekitaldia.
GAZTE PARTAIDETZA
Hiretu Hiriak gazteen parte hartzea sustatu nahi du, partaidetzaren esanahia modu praktiko eta aktiboan barnera dezaten. Fernandez de Landaren hitzetan, "parte hartzea onartu berri den Gasteizko Udalaren V. Gazte Planaren ardatzetako bat da".
"Gazteek Udalak planteatzen dituen politiketan parte hartu behar dute, bai orokorrean, bai zuzenean eragiten dieten alderdietan. Parte hartzea dimentsio askotatik gauzatu behar da, Udal politika osoa egituratuko duen ardatza izanik. Partaidetzatzat hartzen da bai eskainitako jardueretan parte hartzea, bai eragile eraldatzaile eta aktibo izatea", azaldu du.
Aimar Perez de Arenaza Koldo Mitxelenako ikasle eta ekimeneanparte hartu duen gazteetako batek esan duenez, "helduek normalean ez dituzte gure proposamenak edo kexak entzuten eta ez dira ohartzen gure pertzepzio soziala desberdina dela, gauzak asko aldatu baitira".
Halaber, Maia Ayerbe Ekialdeko ikasleak ere Hiretu Hirian hartu du parte eta Aimarrekin bat egin du: "Hasiera batean, ez genuen uste gure kexak benetan entzungo zirenik". Bestalde, klasekide guztien artean gai bat adostu behar izanak lagundu egin die talde lana indartzen.