Actualizado 09/10/2020 12:47 CET

Gazteen artean euskararen inguruko hausnarketa bultzatzeko unitate didaktiko digitala sortu dute

Koldo Tellitu eta Miriam Urkia aurkezpenean
EUSKALTZAINDIA

DONOSTIA, 9 (EUROPA PRESS)

Ikastolen Elkarteak eta Euskaltzaindiak 'Euskararen Herria Ehuntzen' unitate didaktiko digitala sortu dute gazteen artean euskararen inguruko hausnarketa bultzatzeko. Akademiaren mendeurreneko egitasmoen azken emaitza da unitate didaktikoa.

https://euskararenherriaehuntzen.euskaltzaindia.eus/ unitatea euskarri telematikoan eskainiko zaie dohainik Euskal Herriko ikastetxe guztiei, eta jarduera berriekin eta erabili ahala, etengabe aberasten eta eguneratzen joango da.

Euskaltzaindiak mendea bete zuen 2019an, eta lehen ehun urteak ospatzeko prestatu zuen egitarauaren baitan, egokia iruditu zitzaion euskararen iraganeko, egungo eta etorkizuneko egoeraren inguruko hausnarketa bultzatzea euskararen lurralde guztietako gazteekin batera.

Honela, ikasleek bizi duten ingurunearen azterketa soziolinguistikoa egingo dute, baina soziolinguistika hitzaren bi osagaien adiera aztertuz, hau da, ikuspegi soziologikoa eta linguistikoa. Finean, beraien egunerokoan euskarak duen presentziaz hausnartuko dute.

Horretarako, Euskaltzaindiak galdera batzuk proposatu dizkie gazteei: Zein da euskarak zure inguru hurbilean duen presentzia?; Zergatik dira euskara edo erdarak zure hizkuntzak?; Zein ekarpen egin diezaioket bertako dugun hizkuntza honi?; Zein ekarpen egiten dio euskarak eguneroko elkarbizitzari?

Hala, XXI. mendeko euskal hiztunak ditu gogoan Euskaltzaindiak unitate digital hau proposatzerakoan. Jorratzen diren gaiek heldutasuna eta hausnarketa kritikoa eskatzen dutenez, Batxilergoko ikasleei zuzendutakoa da, bai lehenengo mailarako, bai bigarrenerako.

GAZTEAK EZINBESTEKOAK

Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkariak Donostiako Luis Villasante Ikergunean egindako aurkezpenean adierazi duenez, "gazteak dira euskararen herria ehuntzen jarraituko dutenak, eta euskara biziberritzeko beraien parte hartzea ezinbestekoa da".

Bere hitzetan, "euskararekin, euskal kulturarekin eta euskal gizartearekin konprometitzen diren ikasleak hezteko bidean, pauso berri bat eman nahi dugu elkarrekin". Hortaz, unitate didaktikoak helburu zehatza dauka: euskararen inguruko hausnarketa kritikoa bultzatzea Euskal Herriko gazteekin batera.

Ikastolen Elkartearekin elkarlanean sortu da unitate didaktikoa, baina Akademiaren asmoa da proiektua Euskal Herriko ikastetxe guztietara zabaltzea. "Gainera, unitatea ikastetxeetan erabili ahala etengabe hobetu eta eguneratuko dugu", esan du Urkiak.

Bestalde, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak elkarlanaren garrantzia azpimarratu du bere mintzaldian, eta aitortu du tresna digital berriarekin gazteek "gure errealitate soziolinguistikoa eta gure inguruko hizkuntza gutxituena" ezagutzeko aukera izango dutela.

"Agian, etorkizun hurbilean ezagutza horrek berak bihurtuko ditu eragile euskararen normalizazioan. Azken finean, ikastolako ibilbidea amaitzerakoan gure ikasleak euskaldun eleanitz izan daitezen lortu nahi dugu, baina baita euskaldun konprometitu izan daitezen ere", gaineratu duy