BILBO, 10 (EUROPA PRESS)
Generoak, adinak, gailu eta aplikazioen erabileraren maiztasunak eta erabilera patroiek zehazten dute, neurri handi batean, teknologiak nerabeengan dituen ondorioak onuragarriak edo kaltegarriak izango diren, EU Kids Online sareak egindako azken ikerketen emaitzen arabera.
EHU Euskal Herriko Unibertsitateko iturriek jakinarazi dutenez, Irtis ikertaldea kide duen EU Kids Online sareak 15 ikerlanen emaitzak aurkeztu ditu, asteartean ospatkpo den Internet Seguruaren Eguna dela eta.
Horrela, sarearen ikerlanen arabera, nerabe batzuek ondorio positiboak izaten dituzte, eta beste batzuek negatiboak; hortaz, "oso konplexua" da teknologiaren erabileraren eta ongizatearen arteko lotura.
David Smahel ikertzaile nagusiak adierazi duenez, "baliabide digitalei buruz ari garenean ezin da ondorio unibertsalez hitz egin, eta, baliabide horiek nola erabili, halakoa izango da eragina".
"Nerabe batzuek eduki biolentoak kontsumitzen dituzte, eta beste batzuk, ordea, ikasteko eta informazioa biltzeko sartzen dira interneten. Sare sozialak, adibidez, onuragarriak eta kaltegarriak izan daitezke aldi berean, hau da, erabileraren araberakoak izango dira ondorioak", esan du.
Era berean, azaldu du "alde handiak" daudela nerabe batetik bestera, bakoitzak bere modura kudeatzen baititu sareko esperientziak: batzuek egoki bideratzen dituzte Internetek dakartzan egoerak, eta beste batzuk estu ibiltzen dira horien ondorioei aurre egiteko.
EU Kids Online sarearen ikerlanen emaitzek, oro har, agerian utzi dute teknologia digitalaren erabilerak nerabeen ongizatean dituen ondorioak ezberdinak izan daitezkeela. Ikerketa gehienen arabera, teknologiek "eragin txikia" dute gizarte ongizateari lotutako alderdietan, hala nola babes sozialean edo jendetasunean; aitzitik, ongizate fisikoa aztertzeko orduan, generoen arteko aldeak azaleratu dira, bereziki gorputzaren pertzepzioari eta horri lotutako faktoreei dagokienean.
Emaitzek, hortaz, zalantzan jartzen dute teknologiak nerabeengan dituen ondorioak uniformeak direnik, eta norbanakoen ezaugarriak kontuan hartzeko beharra nabarmentzen dute.
OROKORTZEAREN ARRISKUA
Ikertzaileek ohartarazi dute "arriskutsua" dela teknologiari buruz orokortzea edo debeku zorrotzak ezartzea, baita, bereziki, ebidentzietan oinarritzen ez diren neurriak hartzea ere.
Horrekin batera, azpimarratu dute teknologia digitalen interakzioa ulertzeko orduan, ñabardura gehiago hartu behar direla kontuan, hau da, nerabeek gailuei ematen dieten erabilera aztertzeko orduan, erabileraren beraren ezaugarri eta patroiak kontuan hartu behar direla.
https://www.ehu.eus/eu/web/eukidsonline/ estekan dagoen txostenean daude eskuragarri ikerlanen emaitza guztiak, eta, Txekiako nerabeei badagozkie ere, EU Kids Online sarearen esparruan hainbat ikerketa egin dira Europan zehar.
Bada, horien arabera, nerabeek Internet erabiltzeko dituzten ohiturak antzekoak dira herrialde guztietan eta, oro har, adinaren araberakoak dira alderik nabarmenenak. Hala, aztertu diren herrialdeetako aurrenerabeek antzeko jokabideak dituzte eta nerabeek elkarren antzera jokatzen dute, edozein direlarik ere testuinguruari lotutako gainerako ezaugarriak.
"Hori horrela, EU Kids Online UPV/EHU osatzen dugunoi interesgarria iruditzen zaigu txosten honen emaitzak partekatzea, Espainiako nerabeen testuingurura estrapolatzeko modukoak direlakoan", adierazi dute EHUtik.
EHUren ikerketa jardunari dagokionez, aurreikusi da otsailean amaituko dela EU Kids Online V inkestari lotutako landa lana, penintsulako 60 ikastetxetan baino gehiagotan egindakoa. 10 eta 16 urte bitarteko nerabeekin egin da, alfabetizazio digitalerako politikak hobetzen laguntzeko eta kolektibo zaurgarrienak identifikatzeko asmoz, haiengan zentra daitezen segurtasun digitala hobetzera bideratutako neurriak, baita beren eskubideak babestu eta garatzera bideratutakoak ere.