Gerra Zibilari eta Erdi Aroari buruzko bi auzolandegi antolatu dituzte gazteentzat zenbait erakundek

Auzolandegiak antolatu dituzte eraundeetako ordezkariak
Foto: UEU
Actualizado: jueves, 22 mayo 2014 10:39
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 22 (EUROPA PRESS)

   Aranzadi Zientzia Elkarteak, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU), Udalbiltzak, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), Adunako, Asteasuko, Zizurkilgo eta Galipentzuko udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Gerra Zibilari eta Erdi Aroari buruzko udako bi auzolandegi antolatu dituzte elkarlanean, 18 eta 30 urte arteko gazteei zuzenduta. Gazteen prestakuntza sustatzeaz gain, Euskal Herriko oroimen historikoa berreskuratzea dute helburu barnetegiek.

   Aurkezpen prentsaurrekoa Donostian egin da gaur, maiatzak 22, eta Juantxo Agirre-Mauleon Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari orokorrak, Iñaki Alegria UEUko zuzendariak, Mertxe Aizpurua Udalbiltzako presidenteak, Juan Jose Arrizabalaga EHUko Arkitektura Goi Eskolako zuzendariak, Josu Amilibia Alsua Adunako alkateak, Maria Pilar Legarra Asteasuko alkateak eta Joxe Mari Luengo Zizurkilgo alkateak parte hartu dute.

   Horrela, "Gerra Zibila 1936-1937. Erresistentziaren oroimena eta aztarnen bila" eta "Nafarroako mugak Erdi Aroan" dira aipaturiko erakundeek antolaturiko auzolandegiak. 18 eta 30 urte arteko gazteei bideratutako barnetegiak dira, hain justu, gazteak auzolanaren dinamikara hurbiltzea eta Euskal Herriko oroimen historikoa berreskuratzea helburu dutelako. Euskara hutsean izango dira, eta tokian tokiko bizilagunen testigantzak jasoko dituzte ikus-entzunezko euskarriak erabiliz.

   Lehen auzolandegia, "Gerra Zibila 1936-1937. Erresistentziaren oroimena eta aztarnen bila", uztailaren 7tik 20ra bitartean egingo dute Aduna, Asteasu eta Zizurkil udalerri gipuzkoarretan. Josu Amilibia Adunako alkateak adierazi du "orain arte ahaztuta" egon direla hiru herri horietako gatazka eta gertaerak, eta tokiko eragileekin batera, "ahanzturan utzitako historia zatia" gaurkotu nahi dutela.

   Izan ere, lehenengo erresistentziaren gune izan ziren Tolosaldeko hiru herri horietako gatazka guneak Gerra Zibilean, eta ildo horretan, Amilibiak "beharrezkotzat" jo du oroimen historikoaren berreskurapen lan hori egitea.

GALIPENTZUN AUZOLANDEGIA

   Bigarren auzolandegia, berriz, "Nafarroako mugak Erdi Aroan", uztailaren 21etik abuztuaren 3ra egingo dute Galipentzun (Nafarroa). Erdi Aroko eraikin erromanikoak eta alde zahar berezia dira herri horren adierazgarri, Juan Jose Arrizabalaga EHUko Arkitektura Goi Eskolako zuzendariaren hitzetan. "Natura eta kultura uztartzeaz gain, kultur ondarea eta herri nortasuna lantzen laguntzea izango dute helburu auzolandegiko parte hartzaileek", gaineratu du.

   Bere esanetan, Nafarroako eskualde horrek bizitako azken hamarkadetako despopulazio prozesuak "galbidean" utzi ditu gune historiko eta arkitektoniko "adierazgarriak", eta horiek zaharberritzea dute xede barnetegiaren bitartez.

   Bi auzolandegietan, landa eremuetara bisitak, hitzaldiak eta klaseak izango dituzte parte hartzaileek. Irakasle lanetan ibiliko dira, esaterako, Francisco Etxeberria EHUko irakasle eta antropologoa, Lourdes Herrasti Osteoarkeologian aditua, Juantxo Agirre-Mauleon arkeologoa, Juanjo Arrizabalaga arkitektoa eta Aitor Pescador historialaria.

   Iñaki Alegria UEUko zuzendariaren esanetan, azken hamarkadan, oroimenaren inguruko gogoetak eta oroimen historikoa berreskuratzea izan dira euskal gizartearen "kezketako batzuk". Bada, bere hitzetan, "kezka" horiei erantzun bat emate aldera antolatu dituzte elkarlanean bi ekimenak.

   Gainera, azpimarratu du UEUk gazteen prestakuntzaren, ikertzaileen, eta ezagutzaren eta dibulgazioaren aldeko apustua egin duela, eta, hori horrela, auzolandegiak hark gidatzen duen erakundearen lan-ildoarekin "bete-betean" bat egiten dutela.

   Auzolandegien sustatzaileetako bat da Udabiltza, eta Mertxe Aizpurua erakundeko presidenteak "funtsezkotzat" jo du eragile desberdinen arteko elkarlana, lankidetza horren bitartez, gazteen formakuntzarako eta heziketarako jarduerak gauzatzea posible izan delako. Era berean, auzolana eta herrien arteko elkartasun baloreak bereganatzeko ekimena delakoan dago, eta hori beharrezkoa dela uste du euskal herritarren errealitate desberdinez jabetzeko.

   Auzolandegietan izena emateko epea zabalik dago eta ekainaren 27an amaituko da. Auzolandegi bakoitzak 150 euro balio du, eta prezio horren barnean sartzen dira ostatua, ikastaroaren barneko garraioa eta janaria.