Gipuzkoako Aldundiak 192.000 euroko laguntza eman du Errenteriako Koldo Mitxelena ikastetxeko patioa estaltzeko

Koldo Mitxelena haur eta lehen hezkuntzako ikastetxea.
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Publicado: martes, 5 diciembre 2023 13:48

DONOSTIA, 5 Dic. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako Sailak 192.000 euroko zuzeneko diru laguntza eman dio Errenteriako Udalari, Koldo Mitxelena haur eta lehen hezkuntzako ikastetxeko jolastokia estaliko duen egitura eraikitzearen ondoriozko inbertsioen kostua finantzatzen laguntzeko.

Pasaiako badia biziberritzeko bi erakundeen artean egin diren hitzarmenen esparruan dago diru laguntza. Akordioaren helburua da Errrenteriako hiri berrikuntza sustatzea eta ingurune "atseginago, irisgarriago eta inklusiboago" baterantz aurrera egitea.

Bada, Azahara Dominguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatuak azaldu duenez, hitzarmenak 192.000 euroko zuzeneko diru laguntza ematen du, Koldo Mitxelena ikastetxeko patioa estaliko duen egitura eraikitzearen ondoriozko inbertsioen kostua finantzatzen laguntzeko. Obraren kostu osoa 600.000 eurotik gorakoa da, eta Errenteriako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak ordainduko dute.

Dominguezek azpimarratu du Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako Sailak konpromisoa hartu duela Pasaialdean programa integral bat garatzeko, hondatutako hiri espazioak eta ekipamenduak epe labur eta ertainean berreskuratzeko. "Aldundiak konpromiso irmoa du Oarsoaldearekin, badiaren ehun ekonomikoa, urbanistikoa eta soziala biziberritzeko. Gipuzkoaren lurralde kohesioaren eta orekaren aldeko apustu irmoa", ziurtatu du.

Ildo horretan, gogorarazi du Errenteriako Udalak 4,5 milioi euro inguru jaso dituela azken legealdietan hiri berrikuntzako, bidegorrien eraikuntzako, irisgarritasuna hobetzeko azpiegituretako eta herriko hainbat auzotako ekipamendu publikoetako jarduketetarako.

"Oarsoaldea biziberritzeko konpromiso ekonomikoa legegintzaldi honetan zehar mantenduko da. Izan ere, aurrekontu proiektuak hamar milioi euroko partida aurreikusten du horretarako. Ziur nago inbertsio hori inguruko udalerriak berroneratzeko motorra eta traktorea izango dela, eta, aldi berean, enplegua sortzeko aukera bat izango dela. Ezin dugu ahaztu langabezia tasa altuak dituen eskualde bati buruz ari garela, eta ni, sozialista naizen aldetik, gehien kezkatzen nauen gaietako bat da, eta horretan aritu nahi dut", amaitu du.