DONOSTIA 5 (EUROPA PRESS)
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Sailak Lurraldebusen E78 linearen zerbitzua luzatuko du igandetik ostegunera Irun eta Hondarribia artean, bi udalerriotako langileak lanetik ateratzean etxera itzultzea ziurtatzeko, Bidasoako ostalaritzako langile talde baten eskaerari erantzunez.
Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak zehaztu duenez, "maiatzaren 17ko igandetik aurrera, E78 lineak (Hondarribia > Irun), igandetik ostegunera ere zerbitzua izango du. Zehazki, Irungo noranzkoan autobusak 23:15ean, 23:45ean eta 00:15ean izango dira; Hondarribiako noranzkoan, berriz, zerbitzua 23:30ean, 00:00etan eta 00:30ean izango da".
Foru diputatuaren hitzetan, "hobekuntza esanguratsua" da, eta zuzenean erantzuten dio "ostalaritza sektoreko langileek helarazitako behar bati, orain arte ez baitzuten alternatiba publikorik lanaldia amaitu ondoren etxera itzultzeko".
Gainera, hobekuntza hauekin eta E77 lineak (Hondarribia > Irun > Errenteria > Pasai Antxo > Donostia) ematen duen zerbitzuarekin, "Irungo eta Hondarribiako bizilagunek bi udalerrien arteko konexioa bermatuta izango dute garraio publikoaren bidez, gutxienez gauerdia pasa arte, asteko egun guztietan".
Mugikortasuneko foru arduradunak azpimarratu du garraio publikoa etengabe hobetzen jarraitzeko beharra: "Etengabe berrikusi behar dugu eskaintzen dugun zerbitzua, gure erabiltzaileen behar aldakorretara egokitzeko. Gipuzkoa bat nahi dugu, non pertsona guztiek aukera berak izango dituzten eta inork ez duen ibilgailu pribatuaren menpe egon beharko bere bizitza normaltasunez garatzeko".
Bestalde, Cristina Laborda Irungo alkateak ziuertatu du zerbitzua zabaltzea "oso albiste ona" dela Irunentzat, "aste barruan Hondarribiarekiko konexioak indartu eta zabaltzen baititu, bi udalerrien arteko mugikortasuna erraztuz orain arte aukera nahikorik ez zegoen ordutegietan".
"Hobekuntza hori bereziki garrantzitsua da egunero zerbitzu hori erabiltzen duten langileentzat, baina baita herritar guztientzat ere. Izan ere, herritarrek itzultzeko aukera gehiago izango dituzte, eta garraio publikoaren ordutegi mugek ez dute hainbeste baldintzatuko. Gainera, esperientziak erakusten digu eskaintza hobetzen denean, eskariak erantzun egiten duela eta hobekuntza horri laguntzen diola", azaldu du.