Gipuzkoako Aldundiak sektoreko erronka berrietara egokitu ditu turismorako laguntzak

Gipuzkoako Aldundiak sektoreko erronka berrietara egokitu ditu turismorako laguntzak
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 27 abril 2026 14:06

DONOSTIA 27 (EUROPA PRESS)

Gipuzkoako Foru Aoldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Sailak turismo sektorerako diru laguntzen lerroaren "eguneratze estrategikoa" egin du, "lehiakortasuna indartzea, sustapen eta merkaturatze gaitasuna hobetzea" bilatuz "etengabeko eguneratzea ezinbestekoa den sektore oso dinamiko batean".

Hala adierazi du astelehen honetan Azahara Dominguez arloko foru diputatuak, diru laguntzen berrikuntzak azaltzeko prentsa agerraldian. Azaldu duenez, Gipuzkoako turismo sektoreak egindako eskaerei erantzunez, bere sailak "urrats bat harago ematea" erabaki du, laguntza hauei "ikuspegi zabalago eta estrategikoagoa" emanez, "merkatuan kokatzeko benetako gaitasuna duten turismo proposamen sendo eta lehiakorrak indartzera bideratua".

"Digitalizazioa berez helburu bat izateari utzi eta eskaintzen ditugun zerbitzuak hobetzeko tresna bihurtzea nahi dugu: sustapena, merkaturatzea, merkatu berrietara sarbidea eta ekimen ekintzaile berrien garapena hobetzeko", adierazi du diputatuak.

Gainera, laguntzak "bereziki autonomoei eta mikroenpresei laguntzea" ahalbidetuko duela gaineratu du, "gure turismo ehunaren oinarria direlako, eta sektoreko erronka berrietara egokitzen eta epe luzeko bideragarritasuna indartzen lagunduko dielako".

Azahara Dominguezek azpimarratu du ikuspegi berriak aukera ematen duela laguntzak Gipuzkoako turismoaren etorkizuna markatuko duten erronka handiekin lerrokatzeko: "Ingurunea eta baliabideak gehiago errespetatzen dituen turismoa sustatzen duten proiektuak lehenetsiko dira, irisgarritasuna eta behar bereziak dituzten kolektiboen inklusioa txertatzen dituztenak, eta emakumeen rola bistaratzen eta indartzen dutenak".

Era berean, produktu turistiko berrien sorrera, berrikuntza sozial eta teknologikoa eta ekintzailetza sustatzen jarraituko da, arreta berezia jarriz denboraldi baxuan garatzen diren ekimenetan edo lurraldeko barneko udalerriak barne hartzen dituztenetan, "lurralde osoan turismo garapen orekatu eta kohesionatuagoa lortzeko palankak direlako".

Orobat, lehen aldiz, biltzarren antolakuntzan diharduten enpresa profesionalek ere laguntza hauek jaso ahal izango dituzte, "Gipuzkoako turismoaren dibertsifikazioan eta desestazionalizazioan duten eginkizun estrategikoa aitortuz".

LAGUNTZAK

Horrela, sortu berriak diren enpresentzat (2025eko uztailaren 1etik deialdiaren urteko azaroaren 30era bitartean eratutakoak), turismo sustapenerako materialaren diseinua, prestaketa, maketazioa eta itzulpena, eta enpresa sortu eta martxan jartzeko gastuak finantzatuko dira. Gehienez 7.500 euroko laguntza ezarri da enpresa onuradun bakoitzeko, eta 10.000 eurora iritsi daiteke enpresa sortu berrien kasuan. Halaber, jasotako laguntzak ezin izango du gainditu gastu diruz lagungarrien %50.

Prestakuntza, 'mentoring' eta aholkularitzari dagokionez -aurreikusitako tresnen ezarpenarekin lotuta-, laguntzak ezin izango du gastu horien %20 gainditu. Diruz lagundu daitezkeen gastuen artean 2026ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartekoak sartuko dira.

Eskabideak aurkezteko epea asteartean hasiko da, apirilaren 28an, eta maiatzaren 29an amaituko, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira (https://egoitza.gipuzkoa.eus), diru laguntzen atarian sartuta, dagokion formularioa betez eta eskatutako dokumentazioa erantsiz.

Bestalde, Lara Ibiricu-k, Club Mimo enpresako kideak -2025ean laguntza hauen onuraduna izan zen sukaldaritza ikastaroetan eta turismo gastronomikoan espezializatutako enpresa-, laguntzaren balioa azpimarratu du:

"Bultzada honi esker, Mimoren azpiegitura digitala eraldatu dugu nazioarteko bezeroen eskakizunetara egokitzeko. Erreserba sistema adimendun bat ezarri dugu, egun anitzeko bilatzaile batekin, planifikazio askoz malguagoa eta bisualagoa ahalbidetzen duena, erabiltzailearen esperientzia eta gure bihurketa tasa nabarmen hobetuz. Gainera, laguntza hauei esker, gure presentzia indartu dugu AEBetan eta Europan bezalako merkatu giltzarrietan, marketin digitaleko kanpaina espezializatuen bidez, eta Gipuzkoako MICE sektorean eta kalitatezko turismoan dugun posizioa sendotu dugu".

Contador

Contenido patrocinado