DONOSTIA 19 (EUROPA PRESS)
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako Sailak Gipuzkoako Zaindari sariak emango ditu hirugarren urtez jarraian, lurraldean turismo jardunbide egokiak sustatzen dituzten pertsonak eta erakundeak aitortzeko eta haien lana nabarmentzeko asmoz.
Azahara Dominguez foru diputatuak azaldu duenez, "berrikuntzaren, jasangarritasunaren, irisgarritasunaren, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren eta berdintasunaren aldeko apustua egiten duten proiektuak eta ibilbide profesionalak ikusarazi nahi ditugu, Gipuzkoako nortasunarekin eta lurraldearen zaintzarekin konprometituagoa, hurbilagoa eta orekatuagoa den turismoa garatzen laguntzen baitute".
Aurrekoetan bezala, lau kategoria izango dira, turismo sektorea hobetzen laguntzeko modu desberdinak aitortzeko.Horrela, Ibilbide Profesionalari dagokion Gipuzkoako Zaindari sariaren bidez, beren enpresa edo lanbide jardueraren bitartez Gipuzkoa turismo helmuga jasangarri eta kalitatezko gisa sendotzen nabarmen lagundu duten pertsonak sarituko dira".
Bestalde, Proiektu Jasangarriaren saria tokiko eta eskualdeko turismo erakundeei zuzenduta dago, beren ingurunean eragin positiboa duten eta erantzukizunez garatutako ekimenak sustatu dituztenei, alegia. Horretarako, beren jardueraren gizarte, ingurumen eta ekonomiadimentsioak hartuko dira kontuan.
Hirugarren kategorian, Berrikuntzaren Gipuzkoako Zaindari saria emango zaie turismoari ikuspegi berriak eskaintzen dizkioten eta haren eraldaketan laguntzen duten proposamenei. Aitortza hori ez da aurrerapen teknologikoetara mugatuko, eta negozio eredu berriak, esperientzia berritzaileak eta turismo jardueraren antolaketan eta kudeaketan egindako hobekuntzak ere kontuan hartuko dira.
BERDINTASUNA
Azkenik, Berdintasunaren Gipuzkoako Zaindari saria emango da aurten ere, turismo sektorean ekitate handiagoa lortzeko beharra nabarmentzeko. "Emakumeek lan arloan presentzia bereziki esanguratsua duten sektore honetan, lan baldintzak hobetzen dituzten, aukera berdintasuna sustatzen duten eta emakumeek turismoari egiten dioten ekarpena ikusgarriago bihurtzen duten ekimenak aitortu nahi ditugu", azpimarratu du Dominguezek.
Parte hartu nahi duten erakundeek behar bezala betetako eta sinatutako eskaera aurkeztu beharko dute azaroaren 18a baino lehen Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez. Dokumentazioarekin batera, hautagaitzaren merezimenduak zehaztu eta justifikatuko dituen azalpen memoria aurkeztu beharko da. Horrez gain, sustapenerako material grafikoa ere erantsi beharko da, hala nola MP4 formatuko bideoak edo bereizmen handiko eta erabilera eskubiderik gabeko irudiak, baita deskribatutako lorpenak eta jarduerak egiaztatzeko baliagarria den beste edozein dokumentu ere.
Pertsona fisikoek, berriz, aurrez aurre aurkeztu ahal izango dute eskaera erregistro-bulegoetako edozeinetan. Horretarako, eskatutako dokumentazioarekin batera, NANaren fotokopia aurkeztu beharko dute.