Gipuzkoako arkitektoek Parisko Ligne et Couleur nazioarteko erakusketan parte hartuko dute

Parisera joan diren Kolore taldeko arkitektoak.
EUSKAL HERRIKO ARKITEKTOEN ELKARGOA
Publicado: miércoles, 10 julio 2019 17:15

DONOSTIA, 10 Jul. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako arkitektoen talde bat Paris aldera abiatu da asteazken honetan, Ligne et Couleur nazioarteko erakusketaren 81. edizioan parte hartzera. Erakusketa ostegunean irekiko da, uztailaren 11an, eta hilaren 22ra bitarte iraungo du, Frantziako hiriburuko Luxenburgo Lorategietan kokatuta dagoen L'Orangerie du Senat eraikinean, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko Gipuzkoako ordezkaritzak jakinarazi duenez.

Arkitekto gipuzkoarren lanez gain, Alemania, Italia, Eskozia, Hungaria eta Poloniatik joandako beste arkitektoen margolanak, eskulturuak, argazkiak edo egurrezko tailuak ikusgai egongo dira. Kolore izenarekin, eta Ligne et Couleur elkartearekin anaitutako elkarte gisa, Jose Antonio Barea, Lorenzo Garcia, Carlos Orlando, Claudia Pennese, Jon Saenz del Castillo eta Jon Sistiaga arkitektoek osatu dute Gipuzkoako ordezkaritza.

Jose Antonio Bareak proposatuta, eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Gipuzkoako ordezkaritzaren laguntzarekin, pasa den irailean abiatu zen Kolore taldea, Ligne et Couleur europar sareko elkarte homologatu gisa, eta Gipuzkoako arkitekto-artistak ordezkatzeko. Momentuz sei dira edizio honetan parte hartzera animatu direnak, guztiak Gipuzkoako elkargokideak, baina datozen urteetan gehiago batzea espero dute.

Ligne et Couleur elkartea 1930. urtean sortu zen, XIX. mendeko Les Amants de la Nature elkartearen jarraipen gisa. 1950eko hamarkadan elkarteak Europara hedatu nahi izan zuen, eta izen bereko elkarteen sare bat sortu zen herrialde desberdinen artean. Horrela, esperientzien elkartruke bat ezarri zen askoren artean egiten diren erakusketekin.

Bada, gaur egun, Ligne et Couleur elkarteak arkitekto-artistak batzen ditu, eta beren sormen ideiak ikustarazten dituzte ekintza desberdinen bidez eta jardunaren ekintza osagarri bezala: pintura, marrazketa, grabatuak, eskultura tapizgintza, argazkilaritza edo infografia.