DONOSTIA 8 May. (EUROPA PRESS) -
Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa azken txanpan sartu da eta datozen bi asteburuetan jokatuko dira bi finalaurrekoak, Oñatin eta Tolosan, Bertsozale Elkarteko iturriek jakinarazi dutenez.
Zehazki, lehenengo finalaurrekoa larunbat honetan izango da, maiatzaren 9an, Oñatiko Gaztelekuan, eta Azpeitiko Zaharrak Berri eta Arrasate-Eskoriatzako Leintz taldeak ariko dira; bigarrena maiatzaren 16an jokatuko dute, Tolosako Bonberenean, Zumarraga-Urretxu 1 (Zumarraga-Urretxu) eta Txingudi A (Irun) taldeek.
Finala maiatzaren 30ean izango da, Aiako Dema plazan, eta egun osoko egitaraua prestatu dute. Goizean Gipuzkoako eskualde guztietako bertsolariekin poteoa egingo da, ondoren herri bazkaria izango da, eta finala 18:00etan hasiko da.