'Gipuzkoako herrien izenak' liburuan eta PDF formatuan argitaratu du Euskaltzaindiak, aldi berean

Ikerlana liburu formatuan
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: miércoles, 4 marzo 2020 14:20

DONOSTIA, 4 (EUROPA PRESS)

Patxi Salaberrik eta Luis Mari Zalduak ondutako 'Gipuzkoako Herrien Izenak. Lekukotasunak eta etimologia' azterlana argitaratu du Euskaltzaindiak, liburuan eta PDF formatuan aldi berean, eta horrela, Akademiaren webgunean ere kontsultagarri dago.

Euskaltzaindiak argitara eman berri duen ikerketa lana Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztu dute Salaberrik eta Zalduak, asteazken honetan, Gipuzkoako Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru diputatu Garbiñe Mendizabalekin eta Andres Urrutia euskaltzainburuarekin batera.

'Gipuzkoako Herrien Izenak. Lekukotasunak eta etimologia' liburuak Gipuzkoako herrien izenak jasotzen ditu, baita auzo askorenak eta bestelako populazio gune batzuenak ere. Zehazki, 182 entitate bildu dira, orotara 4.500 testigantzaz jantzita (horietarik 700 ahozkoak). Izen bakoitzak historian erakutsi dituen formak eta "duen edo dukeen azalpen etimologikoak" dakartza.

Egileak "metodologia serio bat oinarrian hartuta eta zuhurtziaz" jokatzen saiatu dira, eta izen berezien (toponimo, antroponimo, oikonimo eta beste) hastapeneko adiera emateko, hainbat elementu hartu dituzte kontuan, hala nola agiriek denboran izandako aldaerak, euskal fonetika historikoa, lekuaren nolakoak eta gaurdainoko esperientziak.

Herri, elizate eta auzoen izenekin batera, hiriburuarena eta lurralde historikoarena ere aztertu dituzte. Horrez gain, herri bakoitzaren izenaren amaieran, gentilizioa edo herritarrei nola deitzen zaien ageri da (Tolosa > tolosar).

Proiektuaren atzean, "Euskal Herriko toponimia nagusi osoa aztertu nahia" dago, Salaberrik azaldu duenez: "2004an Nafarroa Beherekoa argitaraturik, eta 2015ean Arabakoa, iruditu zitzaidan bazegoela Gipuzkoakoa ere egiteko modua".

Azaldu duenez, "Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba erromatarrek ia ukitu gabeko eremutzat jo izan dira gure artean. Ez naiz arkeologoa, baina Kantauri isurialdeko herrien izenak hartzen baditugu, ikusten da hori ez dela horrela, eragina uste baino handiagoa izan zela".

EKARPEN GARRANTZITSUA GIPUZKOARI

Garbiñe Mendizabalek adierazi duenez, "alor guztietan euskararen erabilera indartzeko elkarlanean ari garen honetan, hitzen erabilera zorrotz eta erraza bideratuko duten lanabesak behar ditugu, zientzia oinarri duten azterlanak. Zalantzarik gabe liburu honek ekarpen garrantzitsua egiten dio, euskaratik, Gipuzkoari".

Azkenik, Andres Urrutiak ziurtatu du Euskaltzaindiarentzat garrantzitsua dela liburua, "beste nonbaitetik datorrelako, ez delako lan isolatua, Salaberri eta Zaldua lanketan ari direlako aspalditik, onomastika lanetan".

"Azpimarratuko nuke onomastika modu askotan egin daitekeela, esate baterako, in vitro, hau da teoriaren eta teoriaren arabera. Baina hemen egiten dena in vivo da. Bilatu da, etimologiak zertarako diren eta zer nolako balioa duten guretzat, eta gizarte osoari begira", esan du.